Etxegarateko fauna-korridore ekologikoa berreskuratuko du aldundiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako naturguneen arteko korridore ekologikoak indartu nahi ditu. Azpiegiturek —batik bat errepideek— zatitu eta banandutako jatorrizko pasabideak, gune horietako animalien mugimendurako eragozpen dira. Eten horiek «arindu» nahi ditu aldundiak, atzera «lotura biologikoak» ezarrita.
Ekimena Goierrin abiaraziko du. N-1 errepideak Etxegaraten eragindako mozketa nola gainditu aztertzeko ikerketa egingo du aldundiak, «Kantauri eta Mediterraneo arteko uren banalerroko mendien korridore ekologikoaren lotura berreskuratzeko egin beharreko jarduketak zehazteko». Ekintza-plan bat osatuko du.
Etxegarate, hain justu, uren banalerroan egoteaz gain, Aizkorri-Aratz eta Aralar parke naturalen erdian dago. Babestutako bi gune horien arteko joan-etorriko pasabidea da faunarentzat. Natura2000 sarean sartutako inguruko eremuak ere kontuan hartuko dituzte, bi parkeez gain. Gipuzkoan, beste korridore garrantzitsuak Aiako Harria-Jaizkibel lotura, Arno-Urdaibai eta Aralar-Ernio dira, aldundiak dioenez.
Aldundiak agindu duen azterlanean, hiru arlo begiratuko dituzte, bereziki. Batetik, basa faunaren pasabideek gaur egun zenbateko eraginkortasuna daukaten neurtu dute N-1 errepidearen Etxegarateko zatian. Bigarren, zati horrek gaur egun duen «hesi eragina» gutxitzeko neurriak eta eraikuntza proiektuak proposatuko ditu.
Azkenik, lotura ekologikoa eraginkorki hobetzen laguntzeko asmoa du egitasmoak, «bai Europa mailan, bai Europa hegoaldeko mendien korridore nagusiaren esparruan —Kantauriar mendikatea-Pirinioak-Erdialdeko Mendigunea-Alpeak katea—, bai eskualdean Natura2000 sareko Aralar eta Aizkorri-Aratz guneetan.
Azterlanaren txostena urrirako prestatuko dute, eta ondoren hasiko dira neurriak gauzatzen. Bidegi foru enpresa publikoak iaz laguntza teknikoa kontratatu zuen, ingurumen jarraipenerako.