Iheslariak, erbestetik herrira
Urrun egon arren, beti izan dute sorterria buruan. Gaur da eguna, ametsetan ikusten zuten hura errealitate bihuru dutena. Iheslariek etxeratzeko erabakia hartu dute, eta erbestetik herrirako itzulera egin dute. EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko kideak ari dira, tantaka tantaka, euren sorterrietara itzultzen. Iazko ekainean Miarritzen (Lapurdi) egin zuten ekitaldian «gaztaka politikoaren konponbidean parte hartu behar dutela» aldarrikatu zuten. Hainbat hilabeteren ondoren, etxera itzulerari ekiteko erabakia hartu dute Herria dugu arnas dinamikaren baitan.
Martxoaren 22an Arrangoitzen (Larpudi) egin zuten agerraldian, itzulerarena «konpromisozko urratsa» dela nabarmendu zuten. «Konponbidearen alde urratsak egiteko garaia da, eta guk ere Euskal Herriaren geroari itxaropenez eta ilusioz begiratu nahi diogu. Inoiz inork bere sorterritik ihes egin behar ez dezan», azaldu zuten.
Etxerako bidean
Arragoitzeko agerralditik bertatik, berehala hasi ziren iheslariak herrietara itzultzen. Edonola ere, askok azken ostiraleko preso eta iheslarien eskubideen defentsan egiten diren elkarretaratzeetarako gorde zuten itzulerarena. Hala egin zuten Xabier Arin ataundarrak eta Gurutze Arrondo zegamarrak. Idoia Arrondok igandean egin zuen bide bera.
Xabier Arinek 1974. urtean utzi zuen Ataun, 17 urte besterik ez zituela. Orduko hartatik 40 urte eman ditu erbestean. Iparraldean zerotik hasita bizimodu berriari ekin behar izan zion, eta garai zailak ezagutu zituen: AAA eta GALen atentatuak, kanporatzeak, konfinamenduak zein espetxeratzeak.
Duela 23 urte utzi behar izan zuten Zegama Idoia eta Gurutze Arrondo ahizpek, 26 eta 24 urte zituztela. Mexikoraino eraman zituen ihesak; beste herrialde batzuetan ere babesa bilatu beharrean aurkitu dira. Azken urteak ipar Euskal Herrian eman dituzte, eta 23 urteren bueltan, etxera itzuli dira biak.