Eskolarteko bertso saioan, haurrak idazten eta antzezten
Aldaketa urtean ari da aurrera egiten Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Formatua birmoldatu egin dute, eta bertsopaperetako atalak bere horretan dirauen arren, zuzenekoan bi modalitate sartu dituzte. 14 urte artekoek aurrez prestatutako bertso saioa egiten dute, oholtzan, eta 14-18 urte bitartekoek bat-batean, baina elkarte batean, mahaiaren bueltan.
Aurreko ostiralean Lazkaon jokatu zen laugarren kanporaketa, Zarautz, Lasarte-Oria eta Zumarraga-Urretxuren ondotik. Iaz ehun haurrek parte hartu zuten. Aurrena bertsopaperak egin zituzten, bertso idatziak, San Benito ikastolan. Lazkao, Ataun, Zaldibia, Beasain eta Ordiziako neska-mutikoak aritu ziren.
Ondoren, Areria aretora joanda, aurretik prestatutako bertso saioa erakutsi zuten hiru taldek; Beasain, Ordiziako eta Lazkaoko bertso ekoletakoak. Lazkaotarrek Lazkao Txikiren eta Txirritaren bertso ospetsuak kantatu zituzten, eta beste bi taldeen saioak ere «ederrak» izan ziren.
Bat-batekoan, hiru goierritar azken kanporaketan
Aitor Sarriegi eta Gemma Urteaga beasaindarren bat-bateko saio didaktikoarekin bukatu zen Lazkaoko bertsoaldia.
Lazkaon ez zen 14-18 artekoen saiorik izan. Elgoibarren eta Azkoitian falta diren kanporaketetan egingo dira. Azkoitian Mikel Oria zeraindarra, Aratz Igartzabal gabiriarra eta Maialen Akizu urretxuarra ariko dira, 10ean.