Lau urtean, Agenda 21en %28 garatu du Ordiziako Udalak
2010ean onartu zen Ordiziako Udalean Agenda 21eko ekintza plana. Lau urtean zehar adostutako egitasmoak garatzen joan ondoren, ebaluaketa egin dute. Ondorioztatu duten datu nagusia da Ordizian ekintza planaren ezartze maila %28ra iritsi dela. Egitasmoa 2010etik 2020ra bitarte garatzeko dela kontuan hartuta, «emaitza baikorra» dela uste du Leire Garmendia Ingurumen teknikariak, baina, oraindik ere «egiteko eta zer hobetu» asko dagoela dio. Hain justu ere, Mugi 21 izeneko tresnaren bidez egin dute Udalsarea osatzen duten EAEko udalerrietako Agenda 21en ekintza planen exekuzio maila neurtzeko ebaluazioa.
Era berean, Eusko Jaurlaritzaren IHOBE tresnarekin helburuak betetzen diren neurtzen da urtero iraunkortasun adierazle sistema baten bidez. Guztira 39 azpiadierazleren kalkulua egin da, 7 gaietan banatuta. Datuak 2011 urte artekoak dira.
Adierazleak
Ingurune naturalari, bioaniztasunari eta paisaiari dagokionez, lurzoru artifizializatua %33,7koa da. Ehunekoa altua da, lurzoru urbanizaezinaren azalera eskasa delako. Hala ere, «egoki» jo zuten 2010etik datua mantenduz doalako. Azalera babestuaren balioa ere ez da aldatu.
Oiangu parkeko partehartze prozesutik eratorrita, Aranzadirekin egindako bost urteko kontratua nabarmendu zuten. Kudeaketa horrekin, parkeko Lazkao alderako zatia Altamira auzoarekin lotu eta Zaldibiako bidearekin lotuko duen Gerriko Berde baten sorreraz hitz egin zuten.
Egindako jardueren artean ibaiertzetako landareria berreskuratzeko lanak, Zuhaitz Eguneko landaketak, Barrena zein Oreja parekeko zuhaitzen identifikazio planak jartzea nahiz San Joan auzoko landaketa aipatu zituzten.
Mugikortasunari eta garraioari dagokionez, bidegorri sarearen gorakada izan da aipagarriena. 2010eko kilometro bateko bidetik, 2012ko 3,1era iritsi dira. Ordiziako joera «desiragarria» dela nabarmendu zuen Garmendiak; Udalseareko batez bestekoa 3,8koa da.
Irisgarritasuna hobetzeko auzoz auzoko partaidetza prozesua garatu zen. Hala, 2010 urtetik 30 kilometro orduko gune bilakatu dute udalerri eremu osoa. Bizikleta aparkalekuak ere jarri dituzte; aparkatzeko debora mugatua duten gune urdinak, nahiz ibilgailu hibridoentzako %50eko eta elektrikoentzako %75eko hobariak.
Edonola ere, Mugikortasun Iraunkorrerako Plana izan da udalak eman duen «pauso garrantzitsuetako bat». Plana aurkeztuz erakusketa jarri zuten Barrenan eta galdetegi bat herritarren eskura.
Planaren baitan adostutako zirkulazio aldaketei ere hilbatete honetan ekin die udalak.
Bestalde, ur banaketa sareko galerak «asko» murriztu dira. Hodietan egindako konponketekin, 2006ko %35,6tik %23,3ra jaitsi da ehunekoa 2011n. Bizilagunen kontsumoak ere behera egin du; eguneko 124,2 litro biztanleko.
Hondakinei dagokionez, atez atekoaren ezartzeak birziklatzean «aurrerapausoa» ekarri zuela esan zuen teknikariak. 2014ko otsailean %76 birzikatu zen Ordizian. Komertzioetako poltsa berrerabilgarrien banaketa, arrandegietako ontziak, azokan kartoia, egurra eta plastikoa jasotzeko konpresorea eta konposta guneen irekierak aipatu zituzten.
Udal argiztapeneko kontsumoak gora egin du, energiari dagokionez; %119,8 kwh urtean biztanleko. Edonola ere, datu horiek ez direla «fidagarriak» azaldu zuten. Gas eta elektrizitate kontsumoak ere behera egin du. Ingurumen kalitateari dagokionez, berotegi gasen emisioek behera egin dute udalerrian. Industrian jaitsi dira gehien, 1500 bCO2t-eko aldearekin. Udalaren berotegi gasen emisioak gora egin du 2011 arte, Garmendiaren arabera «kale argiztapena izan daiteke arrazoia».
Azkenik sentsibilizazio, komunikazio eta partehartzearen ebaluaketa «baikorra» egin zuten.