Segurako Udalak berdintasun plana egin behar du
Segurako Udalak berdintasun plana egiteko asmoa du eta, horretarako, parte hartze prozesua antolatu du. Lehen bilera datorren asteartean egingo dute, 19:30ean, kultur etxean. Udalari «oinarrizkoa» iruditzen zaio herriko elkarte eta norbanakoen parte hartzea, «denena» izango den plan bat eraiki nahi baita. Udal teknikariek ere parte hartuko dute. Helburua emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna udal egituran txertatzea da eta, horretarako, segurarrek Farapi enpresaren laguntza edukiko dute. Farapiko teknikarien esanetan, «eragileen inplikazioa ezinbestekoa da plan errealista bat eraikitzeko. Hala, guztiek beraiena dela sentituko dute eta atxikimendua areagotuko da».