
Legazpiarrek Santikutz jaiak ospatuko dituzte gaurtik igandera bitartean, eta ohiko eran egunero egongo da ekitaldiren bat. Hilaren 11n, berriz, Mirandaola Eguna ospatuko dute. Txupinazoa 19:00etan egingo dute gaur, eta aurten danborradaren antolatzaileek eta Alaitasuna errondailako kideek irakurriko dute pregoia. Izan ere, bai helduen danborrada eta bai errondaila sortu zutela 50 urte betetzen dira aurten. Aipatzekoa da ere, Donostiako Zo-zongo!! taldeak 23:30etik aurrera Kolpez-Blai ikuskizuna eskainiko duela.
Bihar kirol ekitaldiak izango dira nagusi. Goizean Santikutz txirrindulari klasikaren 81. ekitaldia egingo dute, Telleriarteko txirrindulari elkarteak antolatuta. Espainiako Koparako puntuagarria izango da lasterketa eta aurten lehia handia egotea espero da, gainera. Gipuzkoa taldeko Unai Intziartek puntu bakarra ateratzen dio Super Froiz taldeko Sergio Miguezi, eta nor baino nor ariko dela aurreratu dute. Izan ere, Legazpikoa Kopako azkenaurreko proba izango da. Txirrindulariek 140 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute eta helmugara 13:30ean iristea espero dute.
Biharko gainontzeko kirol ekitaldiei dagokienez, goizean bola eta plater tiraketa txapelketak egingo dituzte, eta arratsaldean binakako pilota txapelketa herrikoiko finalak jokatuko dituzte Urbeltz pilotalekuan.
Haurren danborrada ere bihar egingo dute, baina eguraldi txarra egiten badu igandera atzeratuko dute.
Ostiralean, berriz, goizean poniak eta zezenak egongo dira eta herriko ganadu feria ere egingo dute. Berrikuntza bat ere egongo da: eguerdian ez dira jolasak egongo haurrentzat, poniak eta zezenak baizik.
Santikutz Eguna, larunbatean
Larunbatean legazpiarrek jaietako egun handia ospatuko dute, Santikutz Eguna, eta aurten musika bandak jasoko du Olaria saria. Gainera, arratsaldean pilota partidak egongo dira. Lehen partidan Aritz Lasa urretxuarrak eta Kepa Peñagarikanok, Mendizabal IIIen eta Tolosaren aurka jokatuko dute.
Bigarrenean, berriz, Xalak eta Merino IIk, Ezkurdiaren eta Zabaletaren aurka. Sarrerak 30 euroan jarri dituzte salgai. Igandean berrikuntza nagusia 18 arkume burruntzian prestatuko dituztela da, Bertatik Bertara egitasmoaren barruan.
Udalak ikurrinaren aldeko ekitaldia antolatu du gaur arratsalderako
Txupinazoaren eta pregoiaren aurretik, 18:30ean, ikurrinaren omenezko ekitaldia egingo dute plazan. Bildu, EAJ eta Hamaikabat alderdiek adostuta, plaka bat jarriko dute udaletxeko sarreran. Hiru alderdi horiek mozioa aurkeztu dute, «espainiar banderaren ezarpen derrigortua dela eta». Bertan, herritar guztiei euren etxeetako balkoietan ikurrina jartzeko deialdia egiten diete, eta plaka jartzeko asmoa azaltzen dute. Udalak ikurrinak herritarren eskura jarri ditu, eta tabernatan eros daitezke, euro batean. Gainera, mozioan «euskal nortasuna eta gure nazioaren izaera ukatu nahi dutenen aurrean» zutitzeko deia egiten diote euskal gizarteari, eta udalak Euskal Herriaren aitortza eta burujabetza lortzeko lan egiteko eta euskal herritarren nortasun eta identitate ikurrak sustatzeko konpromisoa hartu du.
Mende erdi Legazpi girotzen

Musika ezinbesteko osagaia da mundu osoko festetan. Aurten Legazpiko santikutzetan, ordea, osagaia baino gehiago izango da: protagonista nagusia, hain zuzen ere. Izan ere, herriko musika bandak Olaria saria jasoko du, eta pregoia danborradaren antolatzaileek eta Alaitasuna errondailako kideek irakurriko dute. Bai batak eta bai besteak 50 urte bete dituzte aurten.
Danborradari dagokionez, Umore Ona txarangaren eskutik hasi zen. 1963an egunez egin zuten eta 1964az geroztik gauez egin dute. Handik bizpahiru urtera musika banda elkartu zitzaien. Umore Ona txarangak utzi zuenean, elkarte gastronomikoek hartu zuten antolaketaren ardura. Duela 10 bat urte elkarteek antolatzeari utzi zioten eta gainbehera ezagutu zuen. Mikel Gurrutxagak eta Floren Gutierrezek hartu zuten ardura orduan.
Garai gogorrenetan parte hartu zutenei eskerrak eman nahi dizkie, orain Gutierrez: «Guztion artean berrindartzea lortu genuen, eta aurten sekula baino jende gehiagok parte hartuko du: 400 lagun aterako dira. Duela 10 urte lau konpainia zeuden eta aurten zortzik parte hartuko dute».
Urteurrena dela eta, oso berezia izango da aurten helduen danborrada. «Karroza bat aterako da eta bertan dama bat eta sukaldari bat joango dira, garai bateko danborrada omentzeko. Izan ere, lehen erregina eta damak ateratzen ziren. Gainera, garai batean parte hartzen zuten elkarteen banderak aterako ditugu».
Hori guztia etzi izango da, baina gaur pregoia irakurriko dute: «Jendeari danborradan parte hartzeko eskatuko diogu eta jai zoriontsuak izan ditzatzen opako diegu. Pregoia Cesar Carvallo zuzendariak irakurriko du, baina konpainia bakoitzeko ordezkari bana igoko da udaletxeko balkoira, danborradako jantziekin. Alaitasuna errondailakoak ere jantzita igoko dira balkoira».
Talde hau ere duela 50 urte sortu zen. Errondailakoak ere «oso pozik» daude festa batzordeak pregoia irakurtzea eskaini dielako. Julian Armendariz da errondailaren sortzailearen semea eta hasieratik da taldeko kide. «50 urte betetzea ez da txantxetako gauza, baina ez da gure meritua bakarrik, herri guztiarena baizik. Euren parte hartzerik gabe ez genuen lortuko».
Urte hauetan guztietan 150 lagun baino gehiago pasa dira taldetik, eta udazkenean bazkari bat egingo dute urteurrena ospatzeko.Liburua eta diskoa ere argitaratu behar dituzte.
Etorkizuna begi onez ikusten dute. «Gure ateak zabalik daude, errondaila bat lagun kuadrilla bat baita. Ez da tuna bat (tuna ikasleek osatzen dute), baizik eta otxoteen antzeko musika talde bat. Instrumentuekin nahi den musika jo daiteke eta hizkuntza ezberdinetan abesten dugu», zehaztu du Armendarizek.