Legazpiko musika bandak Olaria saria jaso du
Legazpiarrak Santikutz Eguna ospatzen ari dira. Goizean, gaiteroen goiz deia, prozesioa eta meza egon dira. Ondoren, Sustraiak dantza taldeko kideek ezpata dantza dantzatu dute eta herriko musika bandak Olaria saria jaso du. Kepa Urtzelai alkateak herriaren izena ezagutzera emateagatik eta herrian kultura bultzatzeagatik eskerrak eman dizkie. Bandako Monika Salvador eta Juan Karlos Otxoak, berriz, bandak bere unerik gozoena bizi duela esan dute. Izan ere, sekula baino musikari gehiago dituzte eta euren kontzertuetara inoiz baino jende gehiago joaten da. Euren jarraitzaileei eskerrak eman dizkiete. Ondoren, Legazpiko ereserkia jo dute.
Arratsaldean eta gauean ere ekitaldiak egongo dira: 16:00etan xake txapelketa jokatuko dute elizako arkupeetan, 17:30ean profesionalen arteko pilota partidak egongo dira, 19:00etan Ormazarreta zalditegikoek erakustaldia eskainiko dute Kale Nagusian, 20:30ean Burubeltz taldeak Euskal Herria 11 kolore ikuskizuna eskainiko du herriko kaleetan eta 23:30ean La prima Janis taldeak kontzertua emango du.