
Gazta Eguneko ekitaldien barne, Segurako Ondarre gaztandegira irteera, Gaztaren Ibilbidean ibilaldia eta sagardo dastaketa antolatu dituzte Idiazabalen. 25 bat lagunek parte hartu dute. Bihar, Gazta Eguna ospatuko dute. Azoka 10:00etan irekiko dute. 10:30etik aurrera bisitariek sei pintxo 2 euroren truke jateko eta gustuko gaztaren alde bozka emateko aukera edukiko dute. 11:00etan herriko artzainak gazta egiten hasiko dira eta artalde batek herria zeharkatuko du. 11:30ean gazta ketze eta ardi mozte ikuskizunak egingo dituzte eta 13:00etan Joxe Mari Lizarralde artzain idiazabaldarra omenduko dute. 13:30ean sariak banatuko dituzte. Gainera, mamia dastatzeko eta artzain txakurrak ikusteko aukera egongo da eta 4 eta 9 urte bitartekoentzat ludoteka jarriko dute.