Dantzari Egunean ekingo diete urteurren ospakizunei Ordiziako Amets Bide dantza taldekoek
Aspalditik datorren tradizioa da Ordizian dantzarena. Dantzari asko izan dira eta dira, gaur egun ere. Amets Bide dantza taldeak 50. urteurrena ospatuko du aurten.
“Dantza bizi duzuenok ospatu nahi dugu gure urteurrena”, zioten atzo Ordizian egin zuten agerraldian. Izan ere, dantzan ibilitako eta dabiltzan 50 dantzari elkartu ziren Barrenako parkean urtemuga ospatzeko egingo dituzten ekintzak aurkezteko. “Dantza gustuko duzunarekin, ikasketak aurrera atera eta dantza taldeko irakasle lanak baztertu ez dituzunarekin, txistu zein musika jo diguzuenokin, erromeriak egin ditugunean dantzara hurbildu zaretenokin, dantzari eguna antolatzen lagundu diguzuenokin, dantzarako harra sortu eta ikastarora animatu zareten guztiokin, seme alabei euskal kultura transmititzeko dantza taldera apuntatu duzuenokin, jantzi eta diru kontuekin mareatu zaretenokin, herriko tradizioaren alde lanean ari zaretenokin, emanaldietan txalotu gaituzuenokin… zuekin guztiokin ospatu nahi dugu gure urteurrena”, esan zuen Edurne Saez dantza taldeko kideak.
Hala, urteurren ospakizunetan izango duten lehen egun handia datorren maiatzaren 18koa izango da, III. Dantzari Eguna. Talde txikiekin eta helduekin ospatuko dute eguna. Haurren taldeak 10 izango dira, hainbat herritakaok, eta helduen taldeak berriz, 7; dantza taldean ibilitako ordiziarrez osatuak. Hauez gain, Nepaldarren talde batek ere hartuko du parte ekitaldian.
Urtean zehar, beste hainbat ekintza
Dantzari Egunaz gain, maiatzaren amaieran ere hitzordua jarri dute. Hain justu ere, txienen emanaldia egingo dute hilaren 30ean Herri Antzokian. Ekainean berriz, Joseba Juarez taldekideak azaldu zuenez, berreskuratu dituzten garai bateko argazki zaharrez osatutako erakusketa jarriko dute Barrenan eta San Pedro bezperako erromeria ere ospatuko dute.
Festei begira, herriko festetan zein Euskal Jaietan parte hatuko dute. Urtea amaitzerako berriz emanaldi berezia prestatzen ari direla aurreratu zuten, eguna eta egitaraua oraindik argitu ez bazituzten ere.
Hamarkada luzeetako ibilbidea egin arren, “taldea inoiz baino indartsuago” dagoela nabarmendu zuen Edurne Saezek. Horregatik, dantzan jarraitzeko gogoz direla erakutsi zuen Juarezek: “Ez ginen geldirik egoteko jaio, dantzan gozatzeko baizik. Dantzatzen duen herria inoiz ez baita hilko. Jarrai dezagun bada dantzan gure bidea eginez”.