Musika eskolako 600 ikasle inguruk emanaldiak egingo dituzte maiatzean
Garai batean ikasturte amaierako kontzertuak egiten ziren bezalaxe, orain ikasleen emanaldiak egiten dituzte ikasturtea amaitzeko Zumarraga-Urretxuko Sekundino Esnaola musika eskolan. Emanaldiak maiatzaren 12an hasiko dira eta hil amaierara arte egingo dituzte eskolaren egoitzan, Zumarragako Legazpi dorretxean. Guztira, 600 bat ikaslek erakutsiko dute jendaurrean ikasturtean zehar ikasitakoa.
Garai batean ikasturte amaierako kontzertuak egiten ziren bezalaxe, orain ikasleen emanaldiak egiten dituzte ikasturtea amaitzeko Zumarraga-Urretxuko Sekundino Esnaola musika eskolan. Emanaldiak maiatzaren 12an hasiko dira eta hil amaierara arte egingo dituzte eskolaren egoitzan, Zumarragako Legazpi dorretxean. Guztira, 600 bat ikaslek erakutsiko dute jendaurrean ikasturtean zehar ikasitakoa.
Egingo dituzten emanaldi guztien artean bi dira azpimarragarrienak. Bata, Lucia Otaegi klarinete jotzaile zumarragarrak eskainiko duena da. Bestea, Dulantziko (Araba) musika eskolako koralaren kontzertua.
Musikenen goi mailako ikasketak amaitzear dago Otaegi, eta han eskainiko duen azken emanaldia Sekundino Esnaolan egingo du aurretik, iaz arte bertako ikaslea izan baita. Agurtzane Albisua eskolako irakaslearen hitzetan, «pozgarria da gure eskolatik hain musikari onak atera izana. Beste asko dago Donostiako Escudero Kontserbatorioan sartzeko frogak egiteko prestatzen».
«Edurne Iturbe trikiti irakaslea izango da musika eskolako zuzendari berria»
Josune Agirrek (Zumarraga, 1964) hamar urte baino gehiago egin ditu jada Urretxuko eta Zumarragako Sekundino Esnaola musika eskolako zuzendari lanetan. Baina «lekukoa emateko unea» iritsi dela dio. Datorren ikasturtean talde berri batek hartuko du zuzendaritza.
Nor izango da eskolako burua?
Edurne Iturbe trikiti irakasle urretxuarra izango da zuzendaria. Ideia berriak eta jende berria behar ditugu; guk gure etapa bete dugu.
Zer nabarmenduko zenuke zuen jardunetik?
Nik uste dut guk eskola antolatu dugula, nonbait. Taldeak ere bultzatu ditugu. Zuzendaritzara iritsi ginenean comboak zeuden eta egun Big Banda eta musika tresna askoren tailerrak daude. Musika klasikotik urrun dauden ikasleei tokia egin diegu talde horien bitartez.
Musika eskolako ikasle izan zinen, irakasle izan zara eta zuzendaria zara. Zer da urte hauetan guztietan gehien aldatu dena?
Lehen ikasleak araututako musika ikasketak egitera etortzen ziren. Orain, ikasleek musika formazioa nahi dute, musika estilo askotan trebatzeko aukera dago. Lehen gure eskola Donostiako kontserbatorioaren adarra zen; garai bateko ikasleen espedienteak han daude. Orain, aukera zabalagoa da.
Zeintzuk dira, zure ustez, musika eskolak dituen beharrak?
Egun, ikasle helduak eta haurrak gehituta, 600 ikasletik gora datoz eskolara, eta txiki geratzen ari da. Ordutegiak ikasgela kopurura egokitzen ditugu; irakasle batzuk astegun batzuetan datoz, beste batzuk beste batzuetan. Edozein modutan, eskola hemen dagoenetik arazo bat izan dugu eta ez da orain artean konpondu: ikasgelak ez daude intsonorizatuta eta hori baldintza handia da.
Arraroa da musika eskola izanda.
Bai, baina dorretxe ondoko eraikina egin zutenean ez zekiten oraindik zer egokituko zuten. Arkitektoak polita egin zuen, dorretxeko zalditegiaren antza eman zion eraikinari. Baina intsonorizatuta ez egoteagatik moldaketa ugari egin behar ditugu musika tresnen ordutegiek talka egin ez dezaten.
The post Musika eskolako 600 ikasle inguruk emanaldiak egingo dituzte maiatzean appeared first on Otamotz.