Gaztelekua bere egiten ari dira gazteak
Nerabeen parte hartzea eta autonomia sustatzea dute helburu Ordiziako gaztelekuan. Nerabeek gaztelekua bere sentitzea nahi dute, gaztelekuari identitate propioa ematea. Horregatik, gaztelekuaren logotipoa izango zena aukeratzeko lehiaketa jarri zuten martxan kudeatzaileek. Epea ireki eta jasotzen zituzten lanek buruan zuten hura betetzen ez zutela ikusita, metodoz aldatu, eta elkarlanean logoa diseinatzeari ekin zioten.
Goiartekoekin elkarlanean gaztelekuan marrazketa tailerrak antolatu, eta guztien artean diseinatu dute logoa. Hainbat oinarri bete behar zituen irudiak; emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna erakustea; eta euskal identitatea islatzea, baina kultur aniztasuna erakutsiz, besteak beste. Hala, hainbat aukera landu eta aldaketak eginez joan ahala, adostasunera iritsi ziren.
Behin logoa paperean izanda, Lukusain plazan gaztelekuaren lokalaren atarian pintatzea falta zen. Martxoaren amaieran, elkarlanean, begiraleen eta nerabeen artean marraztu zuten. Bi neska-mutil ageri dira, Ordizia, gure lekua leloarekin.
Gazteek gaztelekua euren beharren nahiz gustuen arabera antola dezaten, lokala eraldatzeko prozesua ere jarriko dute martxan. Espazio banaketa nahiz zein mural jarri adostu beharko dute.
Gaztetxoentzat, aukera
Horbel kooperatibaren ardura da gaztelekua kudeatzearena, Ordiziako Udalak bi urterako esleituta. Haur, nerabe zein gazteen bizi-kalitatearekin lotutako edozein gaietan aholkularitza eta laguntza teknikoa ematen aritzen da kooperatiba.
Proiektuaren baitan, 12-15 eta 16-17 urteen arteko nerabeentzat aisialdi eskaintza bereziak antolatzen dituze. Tartean tailer ugari, mobilentzat zorroak, kafe kapsulekin eskulanak, globoflexia zein fimorekin eskulanak edo autodefentsa feminista tailerra, besteak beste. Gaztelekua asteburutan irekitzen da: larunbatetan 17:00etatik 21:00etara, eta igandeetan 16:30etik 20:30era.