Agautz eta Marumendi aldeko zelaiak. Argazkia: Juantxo-Wikiloc
Ataungo Udalak Aralar aldeko Marumendin dituen herri lurretan ganadua nola larratu eta bertan dauden txabola publikoak nola erabili arautzeko udal ordenantza berritu du. Lehenago zegoen araudiari neurri gehiago erantsi dizkio, batik bat artzain txabolen ingurukoak. Udalak otsailaren 6ko udalbatzarrean onartu zuen Marumendin larratzea arautzeko ordenantza. Legezko helegite epean erreklamaziorik ez zen aurkeztu, eta, hala, apirilaren hasieran behin betiko onartuta gelditu zen.
Herri larreak hobetzeko eta ustiaketa fintzeko foru aldundiaren politikaren barruan ondu du Ataungo Udalak ordenantza berria. 22 artikulu eta hiru xedapen gehiagarri ditu araudiak. Agauzko larreetan, larratzea «mendia zaindu eta hobetzearekin bat datorren moduan» egin behar dela dio lehen arauak.
Ganadua larratzeko baimenak Ataungo Udalak emango ditu, beti ere udalerriko ganaduzaleen artean, eta behi, zaldi, ahuntz edo ardi espezieentzat. Lehentasuna Agauzko auzo larreak erabiltzen aritu diren ganaduzaleek izango dute, eta horien artean urteko etekin gordinaren %75 nekazaritzatik eta abeltzaintzatik ateratzen dutenek.
Larratzeko garaia ere mugatzen du araudiak: maiatzaren lehenetik otsailaren azken egunera arte ibili ahalko dira abereak mendian. Garai hori errespetatzen ez duenak, hurrengo bi urteetan ganadua larratzeko eskubidea galduko du.
Udalak zehaztuko ditu larratzeko tokiak, denborak eta espezie bakoitzeko buru kopurua.
Txabolengan arreta berezia
Ataungo alkate Igor Aierbek azaldu duenez, marumendiko herri txabolen erabilera finkatzea izan da, neurri handi batean, ordenantza berriaren egitekoa. «Txabolen araudia airean zegoen pixka bat.
Txabolen titulartasun publikoa azaldu nahi izan dugu, zeren ikusten genuen bere garaian gai horrekin liskar batzuk-eta izanda zeudela. Garai batean ohitura zen batek besteari saltzea. Araudiaren motibazioa txabolak publikoak direla jakinaraztea da, eta horien erabilera zehaztea».
Ataungo mendi larren aurreko ordenantza 2002koa zen, eta hainbat arlo berritu dituzte, gaur egungo beharretara «egokitzeko». Enirio Aralarko arautegi orokorrean aipatzen diren gaiekin ere lotu dute.