Ostegunean banka etikoari buruzko hitzaldia emango dute Legazpin
Ostegunean, 19:00etan, Fiare banku etikoa aurkeztuko dute Legazpiko kultur etxean. Hilaren 21ean, ordu berean, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean aurkeztuko dute.
Bi ekitaldietan formatu bera erabiliko dute: Miguel Calvillok eta Periko Etxeburuak Fiare: banka herritarren eskura hitzaldia emango dute eta ondoren entzuleek galderak egiteko aukera edukiko dute. Hitzaldia gaztelaniaz izango da eta galdera zein hizkuntzatan egiten den, hartan erantzungo zaio jendeari.
Fiare inbertsio eta aurrezte arduratsuentzako fundazio bat da. Ekimen sozial eta ekonomiko honek gizartearen eta gizon-emakumeen garapena du oinarri. Egitasmo honetan elkartasunak, erantzukizun sozialak, etikak eta finantzak bat egiten dute. Ondasunen banaketa justuago baten bitartez gizarte justuago bat lortu nahi dute. Izan ere, gizarte onurak lortzea da euren helburua.
Horretarako, jarduera ekonomiko bideragarriak finantzatzen dituzte, «betiere aurrezte arduratsutik abiatuz eta gardentasuna oinarri harturik». Euren aurrezkiak «arduraz» inbertitzen, Hirugarren Munduaren garapena, pertsonen gizarteratzea eta laneratzea, ingurumenaren zainketa eta irabazi-asmorik gabeko elkarteen bultzatzea dute helburu.
Fiarek diruaren erabilera egokia eta gardena dela bermatzen du eta aurrezleak bere kapitala berreskuratzen du onartutako epeetan eta egokitutako interesetan, «beste edozein banku-erakundek duen berme berarekin».
Proiektu hau aurrera eramateko Italiako Banca Popolare Eticarekin ari dira lanean. Banku honek Italiako Banku Zentraleko gordailuen berme funtsaren estaldura du eta Espainiako Bankuaren bermea ere bai.
Fiarek 4.800 bazkide ditu dagoeneko. Bazkide hauek guztiek 40 milioi euro baino gehiago dituzte aurreztuta eta 30 milioi euroko balioa duten egitasmoak finantzatzen dituzte.
Bazkide izateko gutxieneko ekarpen bat egin behar da. Norbanakoek 300 euro ekarpena egin behar dute, entitateek eta gizarte erakundeek 600ekoa eta enpresek 1.800ekoa.
Proiektu honen inguruan zerbait gehiago jakin nahi dutenei, osteguneko eta hilaren 21eko hitzaldietan nahi adina informazio emango diete.
Gainera, Goierri garaiko Fiareko kideak Urretxuko kultur etxeko lehen solairuan egoten dira asteazkenero, 18:00etatik 20:00etara. Posta elektronikoz ere erantzuten dute. Euren posta elektroniko helbidea fiaregoierrigaraia@gmail.com da.