Nekazaritzari eskainitako ekitaldiak izango dira Ataunen aste osoan
Baserritarren zaindari San Isidro ospatuko da, Goierri osoan, ostegunean. Ataunen aste guztira zabaldu du udalak egitaraua, herriko eragileekin elkarlanean. Asteartetik igandera dira ekitaldiak.
Gaur (asteazkena), 18:30ean, Jagoba Errekondok Etxeko baratzea, beharrezko gunea hitzaldia egingo du, San Gregoriko Elkargunean.
San Isidro eguna Aian ospatuko dute Ataungo baserritarrek, bihar. Ohiko azoka egingo dute, 11:00etan hasita. Barazki, ziza, gazta eta bestelako jakien postuak egongo dira, erakusketan. Lehiaketak ere izango dira, ziza arloan (30, 20 eta 15 euroko hiru sarirekin), eta barazkien arloan (sei sari, 60 euro lehenak, 15 seigarrenak).
Edozein ataundarrek parte hartu ahalko du, norbere edo herriko lurretan ekoitzitako barazkiekin, gutxienez lau mota.
Udalak autobusa jarriko du, doan, 10:30ean San Martindik.
Baserritarren bazkaria ere egingo dute, 14:00etan, Aiako Haitzarri elkartean (25 euro). Izena udaletxean eman behar da.
Bigarren azoka bat ere izango da Ataunen, igandean. Otsobatza kontsumo taldeak lehenengo festa antolatu du, 11:00etatik aurrera. Produktuen salmenta eta erakusketa, sagardo dastaketa, ogia egiteko tailerra eta musika izango dira, goiz partean.
Gaintzan eta Zaldibian ere bai
Gaintzan ere bihar ospatuko dute nekazariek San Isidro. 20:00etan meza eta gero herri afaria Kale-Txikin izango da, Ander Matxain eta Mikel Urdangarin trikitilariekin. Izena aurrez eman behar da.
Zaldibian, bihar, baserritarrek Zelaa jatetxean dute bazkaria, 14:00etan. Menua 25 euro kostatuko da. Txartelak Beti Gazte elkartean edo Illati tabernan erosi behar dira.