EH Bilduk justizia sozialaren aldarria egin du Beasaingo ekitaldian
Maiatzaren 25ean egingo diren Europako Parlamenturako hauteskundeen bete-betean sartuta, ekitaldia egin du gaur eguerdian EH Bilduk Beasaingo plazan. Hautagaitzaren asmoa “Gipuzkoan martxan dagoen aldaketa soziala” Europara eramatea dela nabarmendu du Juanjo Agirrezabalak.
Maite Ubiria izan da lehena hitza hartzen. Gaurkoan eguzkia indarrez egonagatik, “hodei beltzak” ugari direla nabarmendu nahi izan du Ubiriak. Langabezia, pobrezia zein prekarietatea Europan zabaldua dagoela salatu du. EAJ, PSE zein PPren gainean harreta jarriz azaldu duenez, “nabarmena da beste eredu bat dutela, egunero sufritzen dugu-eta”. Horren aurrean, EH Bilduren erronka justizia sozialarena dela esan du Ubiriak. “Eredu berri honek boto errebeldea, parekidea, gaztea, euskalduna eta langilea behar du aberria aldatzeko. Gaur goizean Hendaian egon naiz. Hendaia, Lapurdi. Euskal Herria, zazpiak bat”, esan du.
Gipuzkon martxan jarri den “aldaketa sozialaren” aurrean beste alderdietakoak “amorratuta” daudela esan du EH Bilduko ordezkariak. “Amorratuta daude, aldaketak ezin eramanda, zementeroak dira, goi kostuen faktura herritarrei eramaten dietenak”, azaldu du.
EH Bilduk Europako herrietan sinesten duela defendatu du eta aldaketa gauzatzen hasteko Europako Parlamentuan egotearen beharra azpimarratu. “Proiektu independentista bakarra, EH Bildurena izango da”, esan du.
Juanjo Agirrezabalak, bestalalde, EH Bilduk proposatu duen eredua “justua” dela baieztatu du, “pertsonak defendatzen dituena”. “EH Bilduk hitza eman eta bete egiten du, ez zuek bezala”, esan du EAJkoei erreferentzia eginez. Gipuzkoan abiatu duten aldaketaren aurrean “urduri” daudela ere aipatu du. Hala, herritarrei botoa eskatu die Agirrezabalak eta Josu Juaristi Europako Parlamentura eramanda “lehen hitzartzetik parlamentuko tribunari herdoila kenduko” diola agindu du.