Goierritartasuna oinarri, jende ugari bildu da EH Bilduk antolatuta Igartzan egin den lan saiora
Goierri mailan pentsatuz, lanerako bide berriak diseinatzeko asmotan EH Bilduk abiatu duen prozesuaren lehen urratsa eman dute gaur goizean Beasainen. Laurogei bat lagun bildu dira, bailarako herri gehienetatik etorritakoak, goizeko 9:30etatik aurrera Igartza Jauregian egin den jardunaldian.
Tokiko garapenaren aitzakian egingo dituzten bi saioetatik lehena izan da honakoa. Saioen helburua “goierritarrok Goierri mailan pentsatu eta lan egiteko dugun beharraz ohartzea eta gure egunerokoan txertatzearen garrantziaz jabetzea da”, antolatzaileen hitzetan. Erakunde, elkarte eta herritarren arteko elkarlana funtsezkoa jotzeaz gain, herrien arteko harremanak ez ezik, bailara mailako egiturak “modu koherentean” bideratzea ere ezinbestekotzat dute. EH Bilduk martxan jarri duen prozesuak elkarlana du oinarri. Horregatik, herriz herri hainbat lan egiten diren arren, ondoko herriekin harremanak estutzeko beharra ikusten dute.
Hala, zazpi lan taldetan banatuta eta era partehartzaile zein dinamikoan, hainbat gairen gainean hausnartu eta eztabaidatu dute parte hartzaileek. Tokiko garapenaz zer ulertzen duten konpartitu dute taldetan. Hezkuntza, kultur aniztasuna, industria, langabezia, euskara, berdintasuna, baloreak, zaintza, alderdiko politikoak nahiz zerbitzuak Goierrin zertan diren eztabaidatu ondoren, herritarren bizi duinerako oinarrizko premiak zeintzuk diren identifikatu dituzte. Ondoren horiek nola dauden hausnartu eta zein gabezia dauden ikusi ondoren, etorkizunera begirako lehentasunak finkatu dituzte.
Behin lehen urratsa emanda, ekainaren 14rako jarri dute hurrengo hitzordua.