Altzagan udal kudeaketa batzordea eratu dute, eta hasi da aurrekontua lantzen
Altzagako Udala gobernatuko duen kudeaketa batzordea apirilaren 16an sortu zuten. Udalbatzan geratzen ziren bi zinegotzi hautetsiek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatutako beste hiru herritarrek bokale kudeatzaile kargua hartu zuten, egun hartan egindako bilkuran. Batzorde horren lehendakaria lehengo alkatea izango da, Imanol Mujika Katarain, eta lehendakariaren ordezkoa Jose Maria Aranburu Olano.
Urtebetean udalbatzarik egin ezinda egon da Altzagako Udala, gutxieneko zinegotzi kopururik ez zeukalako —bostetik hiruk dimisioa eman zuten, iaz—. «Dimisio horiek egiterako aurrekontua onartuta zegoen, eta funtzionamendu normalean ez egon eragozpenik, udalbatzaren akordiorik behar ez duten erabakiak hartzeko edo onartuta zegoen aurrekontua aurrera eramateko», azaldu du kudeaketa batzorearen lehendakari Mujikak.
Lehen udalbatzarra, 29an
Batzordearen lehen egitekoa 2014ko udal aurrekontua lantzea eta onartzea izan da, eratu ondoren ahal bezain azkarren. Apirilaren 29an bildu ziren berriz udalkideak, eta hasiera batez onetsi dute aurtengo diru kontuen txostena. Maiatzaren 24an bukatuko da aztertzeko eta helegiteak jartzeko epe publikoa.
Guztira 300.000 euroko udal aurrekontua aurreikusten da 2014rako, iaz baino %7 gehiago. Inbertsioen sailak eragin du gorakada. «Iaz inbertsiorik ez zen egin, eta horregatik da aurtengoa altuxeagoa», dio Mujikak.
Bi herribide konponduko dituzte, gastu horien artean: Sarasola auzora doana 28.000 eurorekin, eta hilerrira doana 55.000rekin. 2013ko ekitaldia itxi ondoren, 78.000 euroko gerakina gelditu da udalaren aldeko, eta 30.000 euro erabiliko dituzte hortik, kreditu aldaketa bat eginda.
Batetik, Sarasola baserrietako bidean hondatuta dauden guneak asfaltoz berrituko dituzte. Bestetik, iazko euriteek eragindako luizi batzuk harri-lubetekin sendotuko dituzte, hilerriko bidean.