Artzainen babesle berriz
Aizkorri azpiko hainbat herritako bizilagunek Arantzazuko amabirjinaren irudi berria jarri dute, Arriurdingo txabolen ondoan, Aizkorriko mendizerran. Igandean festa giroan joan ziren 50 lagun baino gehiago. Mikel Aramendi igeltsero zegamarrak kokatu du irudi berria, lehengoaren lekuan, Pako Muñoa segurarrak eta Andres zegamarrak lagunduta.
Arriurdingo txaboletan «aspaldidanik» zegoen Arantzazuko Amaren irudia. «Han ikusten zuten Idiazabal, Mutiloa, Segura, Zegama eta Zeraingo erromesek eta mendizaleek», gogoratu du egitasmoaren bultzatzaileetako bat izan den Pello Agirrezabal brinkolarrak.
Artzain lekua izanik, horiek ere zaindu izan zuten irudia, txabola baten alboko harrartean. «Brinkolatik ere igotzen ziren hainbat artzain, mendizale eta herritar. Arriurdinen azkeneko artzainak Tomas Telleria Argindegi eta Maria Uzkudun izan ziren», dio Agirrezabalek. Arantzazura bidean, Amabirjinaren sillea harritik gertu egoten ziren.
Soinu eta bertsoz bedeinkatu
Iazko azaroan egin zuten irudia jartzeko lehenengo saiakera Aizkorrondoko herri horietako mendi elkarteek eta Brinkolako Arriurdin elkarteak. Baina eguraldi euritsua tarteko, atzeratu egin zuten. Herenegun, egundoko giro onarekin, borobildu zuten asmoa. Jokin Matxinandiarenak soinua jo zuen.
Bertsotan Matxi bera, Bittor Agirre eta Iñaki Azarola brinkolarrak, Euxebio Igartzabal gabiriarra eta Zeferino Agirre segurrak aritu ziren. «Bertso bikainak kantatu zituzten», dio Agirrezabalek.
Hamaiketakoa ere auzolanean eraman zuten: Zegamatik ogia, Zeraindik sagardoa eta gazta, eta Brinkolatik txorizo egosia. Orain, bisitarien zain da zaindaria.