Ehunmiliak proban lagundu nahi duten boluntarioek izena eman dezakete jada
Geroz eta gutxiago falta da uztailaren 11rako, eta Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak probetarako prestaketa lanak martxa onean doaz. Lan horiek egiteko, eta ekainaren 11tik 13ra bitartean egin beharrekoak egiteko, ordea, boluntarioen laguntza behar dute antolatzaileek. Hala, urtero egiten duten deialdiarekin jarraituz, aurten bi probetan lan ezberdinak egiten lagundu nahi dutenek izena eman behar dute ehunmilak.com helbidean.
Boluntario izan nahi dutenek galdetegi bat bete behar dute webgunean, eta ondoren antolatzaileak jarriko dira bakoitzarekin harremanetan. Lanak beharren arabera banatuko dira, eta bakoitzak non lan egin nahiko lukeen ere zehaztu daiteke.
Beste urte batez, aurten ere ezinbestekoak izango dira boluntarioak. Izan ere, boluntarioak dira, neurri handi batean, bi proben oinarria, antolatzaileek urtero azpimarratu duten moduan «beraiek gabe ezinezkoa litzatekeelako lasterketak antolatzea».
Materiala banatu, ibilbideak markatu, korrikalariei lagundu, dortsalak banatu, anoa postuak hornitu… izango dira aurten ere boluntarioek egin beharko dituztne lanetako batzuk. Izena ematen duten guztiek Ternua etxeko elastiko bat jasoko dute opari.
Bi aste izena emateko
Boluntarioek ez ezik Ehunmiliak eta G2H probetan parte hartu nahi duten korrikalariek ere badute izena emateko aukera oraindik. Bi aste barru, ekainaren 3an, amaituko da izena emateko epea, eta izena ematearekin batera derrigorrezkoa izango da korrikalari bakoitzak mediku ziurtagiria antolatzaileei helaraztea –emailez edo posta arruntez–, ekainaren 10a baino lehen.
Oraindik izena eman ez dutenek 165 euro ordaindu beharko dute Ehunmiliaken parte hartzeko, eta 95 euro G2Hn aritzeko. Izena kirolprobak.com webgunearen bidez eman behar da.
Aparkaleku eskaera
Hala nahi duten parte hartzaileek aparkalekuaren erreserba ere gin dezakete. Horretarako parking@ehunmilak.com helbidera idatzi beha dute, eta dortsal zenbakia, zein probatan parte hartuko duten eta ibilgailu mota zein izango den zehaztu behar dute.