Usabiaga aktoreak bakarrizketa egingo du ostiralean Ataunen
Euskal antzerkigintzako aktore ezagunetakoa den Joseba Usabiaga aktoreak Oroitza-penak ikuskizuna egingo du, ostiralean, Ataunen. Herri Antzokian da umorezko saioa, bakarrizketa eran. 22:00etan hasiko da, eta sarrera 5 euro kostako da. Txartelak aurrez erosi ahalko dira, herriko ohiko saltokietan.
Komedia kutsuan, bizitzak eta ingurukoek eragindako gogoetak taularatuko ditu Usabiagak. 30 urteko mutil gazte baten bizipenak, gustuak, zaletasunak eta gertaerak bildu ditu. Ingurukoez eta bere buruaz egiten duen antzezlana da, pasarte dibertigarriekin osatuta.
Usabiagak berak idatzitako gidoia du Oroitza-penak ikuskizunak, eta berak ekoitzia da.
Ataungo Herri Antzokiak bi sarrera bikoitz zotz egin ditu, Oroitza-penak ikuskizunaren kartela sare sozialetan elkarbanatu edo berbidali duten erabiltzaileen artean. Urtzi Gorostiaga eta Iker Barriola dira bina sarrera jasoko dituztenak.