Arrakastaren eredu
70eko hamarkadan Goierrin zegoen langabeziari irtenbidea emateko jaio zen gaur egungo Orkli duela 40 urte. Altua zen, batez ere, emakumeen langabezia tasa horduko hartan. Herritarrak irtenbide bila hasi eta Aretxabaletako Copreci kooperatibak Ordizian lantegia irekitzea lortu zuten.
Hasierako asmoa argia zen, urte batzuen bueltan lantegia goierritar langileen eskuetara pasatzea, kooperatiba bat sortu eta eskualdean aberastasuna sortzea. 1974an eratu ondoren, 1982an egin zen kooperatiba.
Bailaran lana eta aberastasuna sortzen jarraitzeko konpromisoa gaurdaino mantendu dutela diote empresako ordezkariek. Zentzu horretan, egin duten lanaren aitortza gisa jaso zuten joan den martxoaren 21ean Urteko Gipuzkoako Enpresa Onenaren Saria Gipuzkoako Merkataritza Bazkundearen eskutik; «eskualdearekin eta enpleguarekin duten konpromisoagatik». Patxi Lopez Urkiola kooperatibako zuzendari nagusiak jaso zuen oroigarria, eta ekitaldian azaldu zuen saria «bazkide guztien konpromisoarekin egindako lanari esker» lortu zela.
Gurean krisiak gogor kolpatu duen eraikuntzaren sektorean ari badira ere, Orkli punta puntan dabil mundu mailan. «Espainia krisian dago, Europa ere bai, baina mundua ez», dio Joaquin Garcia Orkliko Berrikuntza eta Kudeaketa Sistemen zuzendariak.
Epe luzera begira
Bere sorreratik klimatizazioko, ur beroketako eta etxetresnentzako segurtasun termoelektrikoko sistemen diseinuan, garapenean, fabrikazioan eta osagaien salmentan aritu da Orkli. 80ko hamarkadan egindako hainbat aldaketa funtsezkoak izan dira lantegiaren geroan.
Ekoizpen produkzioen automatizazioari ekin zioten lehenbizi, horretarako hornitzaile bakarrera egokituz. Era berean, 80ko hamarkada amaieran kudeaketa prozesuak sistematizatu zituzten. 90eko hamarkada erdialdean, berriz, empresaren antolaketa guztiz aldatu zuten, negozio bakarra izatetik hiru independiente izatera pasaz: gas segurtasunarena, ur beroketarena eta berogailu zein ur bero sanitarioarena.
Merkatu bakar baten menpekotasuna izan beharrean, nazioartekotzeari ere ekin zioten hamarkada horretan bertan. Gaur egun, ekoizpenaren %80 exportatzen dute.
Jarduna dibertsifikatuta eta munduko hainbat puntutan barreiatua dute enpresa. Hala, Ordiziako lantegi nagusiaz gain, Kushanen (Txina) eta Sao Paulon (Brasil) lantegi bana dituzte; salmeta-komertzialak eta ordezkaritzak ere beste hamaika lekutan.
Garciaren hitzetan epe motzera begiratzeaz gain, garrantzitsuagoa izan da Orklin epe luzera begirako erabakiak hartu izan direla. «Ez dugu bat bateko golperik eman nahi, egunero egin behar dugu lana hemendik 10, 15 edo 20 urtera Goierriko jendeak Orklin lana izaten jarrai dezan, eta enpresak lehiakorra izaten jarraitu dezan».
Kooperatiben arrakasta
Gipuzkoako Bazkundearen eskutik jasotako sariaz gain, abenduan IESA negozio eskolak, CELSA Competitiveness in Manufacturing Katedraren bitartez, 2013ko Industria Bikaintasunaren Saria eman zion Orkli enpresari; Espainiako urteko fabrikarik onenaren aitortza lortu zuen horrela.
Orkliren arrakastak kooperatiba izaerarekin «zerikusi estua» duela uste du Garciak. «Kooperatiba izatean, langileek enpresa eurena dela sentitzen dute, eta hala da, eta dena ematen dute hartzen den erabaki bakoitzeko», dio.
Mondragon taldeko kooperatiba ezagunenaren, Fagorren, porrotaren ondoren, asko hitz egin da kooperatiba ereduari buruz. Garciak argi du, baina, ez duela loturarik: «Espainian 9.000 enpresa itxi ziren 2013an, horietatik zenbat ziren kooperatiba?». Bestalde, Mondragon taldean egoteak hainbat onura dakartzala dio berak. Langileak beste enpresetan birkolokatzeko akordioak dituzte, irabazi bankuak edo elkar laguntzeko beste hainbat erreminta. «Argi dagoena da krisiak bete betean jotzen bagaitu, Fagorrekin gertatu dena gertatuko dela. Baina horrek ez du kooperatiba ereduarekin zerikusirik», dio.
Gerora begira
Zenbakiei begiratuta, 825 langile ditu Orklik; horietatik 503 bazkide. Azken urteko salmentak, berriz, 135 milioi eurokoak izan dira. 2008an izan zen beherakadaren ondoren, salmentak berreskuratzea lortu dute. 2013an %3 gainditu zituzten 2012koak eta aurten ere iazkoak gainditzea espero dute.
Orkliren etorkizunaz galdetuta etorkizunari «baikor, baina zuhurtziaz» begiratzen diola dio Garciak.
Irizar Forge, nazioartean
Lazkaoko Irizar Forge enpresa ere saritu zuen Gipuzkoako Merkataritza Bazkundeak ekitaldi berean, nazioartekotze preozesuan izandako arrakastagatik. Krisia baino lehenagoko fakturazio maila berreskuratu dute, ekoizpenaren %88 exportatuta.