Berria.info- Beasain, Irun eta Madrilgo CAFeko Enpresa Batzordeek jakinarazi dute langileen %80ak babestu duela zuzendaritzak eta langile batzordeak adostutako lan hitzarmena. Gaur egin dute bozketa Gipuzkoako enpresa handienean —2.700 langile inguru ditu, gehienak Beasainen eta Beste batzuk Irun—, eta alde bozkatu dute 1.058k, kontra 194k; 60 boto zuri egon dira, eta 3 baliogabe.
LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek babestu dute akordioa, eta 2014 eta 2015 urteetarako balio du, baina bi urteko ultraaktibitatea dauka, eta beraz 2017ra arte luza daiteke. Soldatak KPIaren arabera igotzea onartu dute, erretiroa hartzen duten langileak ordezkatzeko errelebo kontratuari orain arteko baldintzetan eustea, eta lan taldea mantentzea. Aurrerantzean ere 35 orduko lanaldiari eutsiko diote, eta Espainiako lan erreformak ekarritako “atzerapausoei” erantzuteko blindatzea onartu dute.
ELAko ordezkariak pozik agertu dira CAFen lortutako akordioarekin, eta gogorarazi dute sindikatu horrek enpresako lan hitzarmenak defendatzen dituela lan erreformari aurre egiteko tresna nagusi gisa. Beasainen 737 langilek bozkatu dute alde, 173k kontra, 55 zuri eta 2 baliogabe. Irunen 160 beharginek bozkatu dute alde, 15eko kontra, 4 zuri eta baliogabe bat. Eta Madrilen 161eko bozkatu dute hitzarmenaren alde, seik kontra eta batek zuriz.
Bake soziala
Itun honek bake soziala bermatuko du Gipuzkoako konpainiarik handienean. Bake hori, hain zuzen, kolokan egon zen 2012ko udazkenean, zuzendaritzak 869 langileren kontratua ia bi hilabetez etetea proposatu zuelako. Berehala protesta handiak egin zituzten langileek, eta zuzendaritzak atzera egin zuen.
Urteotan irabaziak, fakturazioa eta irabazi marjinak gutxitu arren, enpresa errentagarria da CAF. Iaz, esaterako 91 milioi irabazi zituen, aurreko urtean baino %8 gutxiago. Arazoa da lortzen dituen kontratu gehienak Euskal Herritik urrun lortzen dituela eta horietako batzuetan eskatzen diotela trenen eraikitzearen edo muntaketa lanaren zati bat han egitea. Horerk, aldiro, lan karga gutxi uzten du Gipuzkoako langile batzuentzat.
Azken kontratua, adibidez, Bostongo metrorako lortu zuen duela bi aste, 80 milioi euroren truke. Kontratu hori eta AEBetan urteotan lortu dituen besteak (Houston, Pittsburgh, Cinxinnati…) han egiten ditu nagusiki, Elmirako lantegian (New York).