Lehen mailan arituko da Estanda Ordizia
Estanda Ordizia areto futboleko nesken taldeak lehen mailara igoera lortu du asteburu honetan kanporaketan Bartzelona Rubi taldea garaituta. Harrera beroa egin zieten jokalariei zein teknikariei Ordizian atzo arratsaldean.
Arratsaldeko seiak pasatxo zirenean iritsi ziren Ordiziara, eta lehen besarkada eta argazkien ondoren plazarainoko bidea egin zuten. Dantzarien ohorezko pasiloa zeharkatuta igo ziren udaletxeko pleno aretora. Zain zituzten udal korporazioa osatzen duten alderdietako ordezkariak, klubetakoak, aldundikoak zein federaziokoak. Guztiak agurtu ondoren, balkoira irten ziren “Beste talde ordiziar bat 1go mailan. Zorionak Estanda Ordizia” zioen pankarta zintzilikatzeko.
Dantzarien agurraren ondoren, Maite Gonzalez kapitainari herriaren oroigarria eman zion Igor Eguren alkateak. Nesken kirolak sufritzen duen oihartzun ezaz hitz egin zuen Egurenek, eta datorren urtean Lehen Mailan aritu ahal izateko baliabideak lortzeko konpromisoa adierazi zien taldekideei.
Hilaren 17an jokatu zuen Estanda Ordiziak Bartzelonako Rubiren aurka Majorin igoera eskuratzeko play offeko joaneko partida; 3-1 irabazi zuten. Hala, Kataluniara bi goleko abantailarekin joan ziren asteburu honetan Estandako neskak. Larunbat arratsaldean jokatu zen itzulerakoa. Partida bukatzeko 4 minuturen faltan 5-0 galtzen ari ziren, eta hiru minutuan hiru gol sartuta, kanporaketa gainditzea lortu zuten, etxetik kanpo sartutako gol kopuruak balio bikoitza duelako.