Areto futbolean, Legorretako Bilkoin da Gipuzkoako txapeldun
Legorretako Bilkoin areto futboleko taldea Gipuzkoako 1. Mailako txapeldun da. Larunbatean Ventanas Isu talde lasartearrari 6 eta 4 irabazi zion finala, Errenteriako Galtzaraborda kiroldegian. Balentria esanguratsua eginez irauli zuten, gainera, emaitza. Atsedenaldira 0-3 atzetik joan ziren legorretarrak, baina 20 minuturen faltan, bost minutuan lau gol sartu zituzten. Ondoren 5-3 eta 5-4 gerturatu zen Lasarteko taldea, baina azken emaitza 6-4 izan zen.
Goleatzaileak, Bilkoinen partetik, Adur (2), Urtzi, Kepa eta Mikel (2) izan ziren. Markagailuari halako iraulia emanda, eta Gipuzkoako txapeldun titulua erdietsita, «eromena» iritsi zen harmailetara. Legorretatik 150 lagun joan ziren, bi autobusetan eta autoetan. Sekulako giroa izan zen, eta festak herrian jarraitu zuen.
Datorren denboraldian Euskal Ligan ariko da Bilkoin, lehen aldiz. Finala irabazten duenak du, berez, igotzeko eskubidea. Baina jokatu aurretik jada bazekiten Euskal Ligarako jauzi historikoa egingo dutela, beste finalistak aurrez uko egina baitzion aukerari.