http://youtu.be/pNKy3aNq7_4
Elkar argitaletxearen Xaguxar bildumaren barruan bi goierritarren lanak argitaratu ditu Elkarrek. Antxiñe Mendizabal idazle zumarragarrak Printzesa guztiek dute bere ipuina titulua jarri dio lanari, eta bere hitzetan «ohiko eredua hautsi eta printzearen zain ez dagoen printzesa» irudikatu du. Mendizabalen liburuko printzesak «bere ametsaren bila egiteko ausardia erakusten du».
http://youtu.be/pNKy3aNq7_4
Elkar argitaletxearen Xaguxar bildumaren barruan bi goierritarren lanak argitaratu ditu Elkarrek. Antxiñe Mendizabal idazle zumarragarrak Printzesa guztiek dute bere ipuina titulua jarri dio lanari, eta bere hitzetan «ohiko eredua hautsi eta printzearen zain ez dagoen printzesa» irudikatu du. Mendizabalen liburuko printzesak «bere ametsaren bila egiteko ausardia erakusten du».
Liburua Maite Gurrutxagak ilustratu du, eta marrazkien dotoretasunaz gain, koloreak baliatu ditu Amezketako ilustratzaileak desertuko harearen horia eta mendietako berdearen aldea margotzeko.
Liburua 12 urtetik aurrerako gaztetxoei zuzendutako Xaguxar bilduman kaleratu badute ere, heldu batek baino gehiagok gustura irakurriko duen liburua da. Raisa du izena Mendizabalen liburuko printzesak, baina ez da liburuan agertzen den printzesa bakarra. Ipuinaren azken orriak Oneka Fortun printzesa nafarrari buruzko aipamen txikia egiteko gorde ditu zumarragarrak.
Oneka Fortun
Nafarra baino Iruñeako Erresumako printzesa izan zen Oneka Fortun, 848 inguruan jaio zela diote historia dokumentuek eta 890 urtearen ondorenean zendu zela. Mendizabalek Fortunen biografiaren hainbat zertzelada ematen ditu, baina haren ipuina idazteko geratzen dela dio. Bestelakoan, Raisaren ipuinak abentura eta historia ehuntzen ditu. Granadako Alhambra, Nafarroako Baztan eta Tutera ditu agertoki nagusiak eta teak bezala, bizitzaren mingotsa, maitasunaren gozoa eta heriotzaren leuna islatzen ditu.
Lazkaotarra postari
Gus Jimenez lazkaotarrak, berriz, Moradero liburua argitaratu du. Egun New Yorken bizi da, baina Bizkain postari lanetan aritu zen garaira egin du atzera liburuan. June eta Nelise ama-alabak dira protagonistak eta biek Moraderotik iritsitako gutun baten berri izatean bizitakoa jaso du liburuan Jimenezek. Nuria Fortuny kataluniarrak egin ditu liburuko ilustrazioak.
Jimenezek azaldu duenez, «aitaren gutuna jasoko du Junek, eta gutun horrek argituko dio ordura arte gertatutako guztia: Moraderoko biztanleek, beren erloju bereziei esker, denbora galdu beharrean, irabazi egiten dute. Demeter du izena erloju zoragarri horien egileak».