Idiazabalgo haurrek Eskola Agenda 21 programan egindakoa azaldu dute udaletxean
Aita Iparragirre eskolako ikasleak udaletxeko ordezkariekin elkartu dira ikasturte honetan Eskola Agenda 21 proiektuaren barruan egindako lana ezagutzera emateko. Aurtengoan, hondakinen gaia landu dute, eta ikastetxean zein herrian hondakinen inguruko egoera zer-nolakoa den aztertu dute. Gainera, egoera horren aurrean, hobera egiteko konpromisoak hartu dituzte, eta halaber, udalari hainbat proposamen egin dizkiote.
Joan den astean bertaratu ziren Aita Iparragirre eskolako zenbait haur eta irakasle udaletxera. Ioritz Imaz, alkatea; Aloña Barandiaran, ingurumen zinegotzia; Xabier Ariztimuño, zerbitzuetako zinegotzia; eta Zuberoa Jauregi, Agenda 21eko teknikaria izan ziren bertan, eta adi entzun zituzten ikasleen konpromiso eta proposamenak.
Konpromisoen artean, ikasleek zabor gutxiago sortzeko ahalegina aipatu zuten. Era berean, ezinbestean sortzen den zaborra ahalik eta ondoen sailkatzen saiatuko zirela esan zuten, baita kalean daudenean ere. Bestalde, energia kontsumoari ere erreparatuko ziotela adierazi zuten, eta horren harira, kontsumoa murrizten jarraitzeko konpromisoa azaldu zuten.
Ikasleek proposamenak ere egin zizkieten udal ordezkariei, esaterako, hondakinak sailkatzeko konpromisoa gauza dadin, herrian eta eraikin publikoetan, edukiontzi desberdinak jartzeko eskaera luzatu zieten; halaber, herritarrak kontzientziatzeko kanpainekin jarraitzera animatu zuten udala, eta eraikinak berritzean edo egitean,energia berriztagarriak kontuan izateko esan zieten.