Legorretan gaur hasiko dira jaiak
Azentzioak egutegi aldakorraren menpe egotearen kapritxoagatik ia-ia udan ospatuko badira ere, iritsi dira. Gaurtik igandera, bost eguneko egitaraua prestatu du Festa Batzordeak. Azentzio eguna bihar da, eta ohitura duten bezala bezperan ekingo diete jaiei. Aldaketa handirik ez dute aurtengo festek, aurreko urteetatik. Azentzio festaburuan erromeria egingo da arratsaldean, aurten udalkideen partaidetzarik gabe.
Txokotan pilota txapelketa eta II. Asto Lasterketa ere mantendu dituzte. Ostiralean herri bazkaria eta haurren nahiz helduen play-back ikuskizunak dira izarrak; larunbatean mozorrotuen festa, eta igandean herri kirolak.
Lehenengo jardunaldiari dagokionez, gaur Gazte Piku asanbladak antolatutako pilota txapelketa herrikoiaren finalekin hasiko dira azentzioak, 18:00etan. Umeen partida jokatuko da lehena, eta helduen finala gero: Adur Jauregi eta Eneko Guerrero Mito, eta Urtzi Larrea eta Haritz Gorostidi lehiatuko dira, txapelaren bila.
Suziri jaurtiketaren ondoren, Goierriko eta Tolosaldeko bertsolariek eskualde arteko erronka egingo dute, bertsotan. Arantxa tabernaren aurretik abiatuko dira, 19:30ean. Bi taldetan ibiliko dira, tabernaz taberna. Unai Mendizabal, Mikel Artola eta Oihana Iguaran ariko dira batean; Goierrikoan Gema Urteaga, Endika Igartzabal eta Gorka Maiz. Bilkoin elkartean lagun arteko afaria egin (21:30), eta Burrunbazale txarangaren kalejirarekin bukatuko da lehenengo eguna.
Igor Esnaola pregoilari
Segako eta trontzako txapeldun Igor Esnaola kirolaria aukeratu du Festa Batzordeak jaien hasierako txupina botatzeko, gaur 19:00etan. «Horrelako lanak jarri dizkidate», zioen atzo, umorez. «Hasieran lotsa ematen zidan, baina ohorea da. Jendea gogoratzea ez da gutxi». Herriko ikur den Gizon Pikua udaletxeko balkoian jarriko dute, igandera arte.
Esnaolak ez du hitzaldirik prestatu. «Ahal den justuena esan, eta kito», dio, umil. Prestatzen ari dena segako denboraldia da. Bi aste barru hasiko da lehiatzen. Gipuzkoako txapelketako finalaurrekoa da lehenengoa, ekainaren 7an, Aian (Gipuzkoa). Segalari talde bakotzeko lehenbiziko biak igaroko dira finalera.
Gainontzean, festetan askorik ezingo du ibili Igor Esnaolak. «Umeekin bueltaren bat edo beste. Bestela, zaintzen ari gara. Ostirala nahiko maitea izaten dugu, baina… Lehen, gazteagotan, egunero egiten genuen parranda; gero ostiralera murriztu zen, eta orain ia batere ez», dio, barrez.
Txirrindu proba, Gilentzat
Jon Gil txirrindulariak (Vicinay Cadenas) irabazi zuen, larunbat goizean, Legorretako 58. Proba, juniorrentzat. 2:08:45 orduko denboran osatu zuen 88 kilometroko ibilbidea. Zazpi txirrindulariko taldetxo bat iritsi zen helmugara, ihes eginda. Dani Maiora ormaiztegiarra (Ampo-Caja Rural) izan zen bigarren, eta Unai Orbea (Atracciones Sanz) hirugarren.
Goizeko hamarretan 100 txirrindulari irten ziren, eta 57k bukatu zuten lasterketa. Alegia eta Amezketa aldeko errepideetan jokatu zen lasterketa. Taldeka, Ampo-Caja Rural goierritarra izan zen onena. Festa aurreko asteburua girotzeko Bilkoinek antolatua zen.