Mutiloa eta Ormaiztegi artean Bide Berdearen Eguna ospatuko dute
Mutiloako eta Ormaiztegiko udalek, Goiturrek eta Zumalakarregi museoak antolatuta, Ormaiztegi eta Mutiloa arteko Bide Berdearen Laugarren Eguna egingo dute larunbatean. Atzo eguerdian aurkeztu zuten Ormaiztegiko udaletxean aurtengo bide berdearen eguneko egitaraua Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak, Aitor Iraeta Ormaiztegiko Kultura eta Turismo zinegotziak, eta Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak.
Iraetak eman zuen egun horretarako prestatu dituzten ekintzen berri. Urteroko legez, bide berdean barrena Zumalakarregi museotik Liernira joango dira oinez, 16:00etan abiatuta.
Iristean, Lierniko kanpan, garai bateko meatzarien lanetan oinarritutako jolasak izango dituzte umeek: botxoa, harrizulaketa, untzea eta bagonetatik tiratzea. Eguraldi txarra egiten badu, jokoak Ormaiztegiko frontoian egingo dituzte. Iraetak umeek «meatzariek nola lan egiten zuten ezagutzeko» aukera ona izango dutela adierazi zuen.
Jokoen ondoren, merienda egingo dute, eta diplomak banatuko dizkiete izena eman duten guztiei. Azkenik, 19:30ean, berriro Ormaiztegira itzuliko dira bide berdetik barrena.
Bide berdearen eguneko ekitaldietan parte hartzeko izena eman behar da aurrez Mutiloako eta Ormaiztegiko udaletxeetan, Ormaiztegiko liburutegian edota Zumalakarregi museoan.
Bide Berdean proiektu ugari
Bide Berdearen egunaz ez ezik, beste zenbait proiekturi buruz ere hitz egin zuten atzoko prentsaurrekoan.
Esaterako, Ugaldek eskuorri batzuen berri eman zuen. Mutiloako alkateak azaldu zuenez, bide berdearen inguruan lan asko egin den arren «gabezi bat» sumatzen zuten komunikazio aldetik, eta hala, «orain arte meatze barrutiaren inguruan, eta bereziki Bide Berdean egindakoa» bildu dutela adierazi zuen.
Eraberean, Bide Berdera iristeko herrian zein meatze inguruan dauden ibilbideak eta ondarea ere jaso dituzte, eta, gainera, web-orri berezia prestatu dute mutiloakomeatzaritza.com.
Osinaldek, berriz, Bide Berdearen inguruan egiten ari diren hainbat jarduera aipatu zituen. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bide berde guztiak biltzen dituen mapa bat plazaratuko dutela esan zuen. «Baliabide berezi hau BTTarekin eta surfarekin batera» natura turismoko azoketan egongo dela azpimarratu zuen.
Azkenik, udazken aldera, Ormaiztegi eta Mutiloa arteko bide berdea ardatz hartuta familientzat egokitutako orientazio zirkuitu bat irekiko dutela aurreratu zuen Osinaldek.