«Egiten ditugun ekintzen artean, Mariren Jaitsiera dut kuttunena»
Arrano Kultur Elkarteko kideek sortu eta mantendu dute Mariren Jaitsiera azken 25 urteetan. Tartean izan da beti Joxe Ramon Iraola, ekitaldiaren sortzaileetako bat. Bi urte lehenago egin zuten antzerkia ere gogoan du.
Nondik nora bururatu zitzaizuen Mariren Jaitsiera antolatzea?
Mariren Jaitsiera egiten hasi baino bi urte lehenago antzerki bat egin genuen. Joxe Miel Barandiaranekin egon ginen antzerkia egiteko behar genuen informazio biltzeko.
Zer kontatu zizuen Barandiaranek?
Hau esan zigun zela Beasaingo Mariren historia: «Muru baserritik jaisten ari ziren Mari, bere bi semeekin. Marik ez zituen bere semeak bataiatu nahi, baina, bere senarrak bai, eta horretara zeramaten, sokekin lotuta. Eliza ondora iritsi zirenean, Marik su hartu, sokak eten, eta alde egin zuen Murumendira». Hortik aurrera, siniskeria asko daude; ilea orrazten ikusi duela batek… Gure aitak ere, umea nintzela, gogoratzen dut nola kontatzen zizkidan Mariren kontuak, argiak ikusten zirenean eta… Izar iheskorren bat izango zen akaso, baina… Mariren inguruko siniskeria asko zegoen baserri munduan.
Eta antzerkiaren ostean, jaitsiera. Zergatik?
Lan izugarria eman zuen antzerkiak. Iñigo Eguren eta Pello Urretabizkaiak Pirineo aldean ikusi zuten antzeko zerbait festaren batean eta hemen halako zerbait egitea pentsatu genuen.
Mariren jaitsieran jende askok parte hartzen du.
Bai, indarra hartzen joan da, gainera. Jokin Telleriak egin ditu beti panpinak, moldearekin azkenaldiko guztiak. Xabier Mendigureni eskatu genion Marik balkoira igotakoan irakurriko zuen pregoia idazteko lehen urtean, eta gero, urtero pertsona ezberdinak egin du. Aurten 25. urteurrena denez, berriro Mendigurenek egingo du. Sua-sua abestia, berriz, Xabier Sarasolak egin zuen jaitsierarako espreski… Baina, batez ere dantzara animatzen da geroz eta jende gehiago. Pozgarria da hainbeste jendek, hain ezberdinak, parte hartzea.
Zuentzat ere, ekitaldi berezia izango da hau, ezta?
Dudarik gabe. Urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen ditu Arrano Elkarteak euskal kulturaren inguruan. Baina, niretzat, hau da kuttunena; herritarrengana gehien iritsi dena da.