Dionisio Amundarain ohorezko euskaltzain izendatu du Euskaltzaindiak
Euskaltzaindiak Dionisio Amundarain euskaltzale, irakasle eta idazle itsasondoarra (Itsasondo, 1930) ohorezko euskaltzain izendatu du, gaur, Donostian egin duen osoko bilkuran. Denera 12 lagunek jaso dute titulu hori. Euskaltzaindiak noizean behin hautatzen ditu ohorezko euskaltzainak —azken izendapenak 2010ean izan ziren—, “euskarari egindako mesede bikainengatik”. Guztira orain 39 ohorezko euskaltzain ditu Euskaltzaindiak.
Amundarain —Lazkaon bizi da gaur egun—, 1996an euskaltzain urgazle izendatu zuten. Teologia eta Filosofia ikasia, Elizaren Filosofian lizentziatu zen, Erroman, eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan, EHUn. Apaiza da 1953tik, eta fraide beneditar 1948tik.
Euskalgintzan, 1974tik 1988ko martxora Goierriko Euskal Eskolaren zuzendari izan zen. Maizpide euskaltegiaren lehenengo zuzendaria ere Amundarain izan zen, 1988ko apirilean sortu zutenetik 1990eko martxora arte. Ondoren, HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) euskara zerbitzuan lan egin zuen, Gasteizen, 1995ean erretiroa hartu zuen arte.
Idazle gisa, hainbat lan ditu idatziak edo euskaratuak, asko erlijio gaietakoak. Amundarain zuzendari zuen talde batek egin zuen 1994an Elizen arteko Bibliaren itzulpena. 2010ean Gipuzkoako Foru Aldundiak Abadia Saria eman zion, euskararen normalizazioan egindako lanagatik.
Amundarainekin batera, honako euskalariek jaso dute izendapena: Paulo Agirrebaltzategi (Araotz, Oñati, Gipuzkoa, 1942), Angel Aintziburu (Luzaide, Nafarroa, 1930), Xabier Amuriza (Etxano, Zornotza, Bizkaia, 1941), Xipri Arbelbide (Heleta, Nafarroa Beherea, 1934), Antonio Campos (Orio, Gipuzkoa, 1942), Maite Idirin (Ugao, Bizkaia, 1943), Mixel Itzaina (Aldude, Nafarroa Beherea, 1933), Jon Landaburu (Paris, Frantzia, 1943), Joan Martí i Castell (Tarragona, Katalunia, 1945), Martin Orbe (Errigoiti, Bizkaia, 1934) eta Manu Ruiz (Donostia, 1941).