Ekainaren 7an Kulturen Azoka egingo dute Urretxuko Gernikako Arbolan
Ekainaren 7an Kulturen Azoka egingo dute Urretxuko Gernikako Arbola plazan, Bizikidetza eta Aniztasun Mahaiak antolatuta. Aurtengoa bigarren edizioa izango da. Ekitaldia atzo aurkeztu zuten, Gernikako Arbola plazan bertan. Aurkezpenean Bizikidetza eta Aniztasun Mahaiko Adara Rabah eta Lehksara Beya sahararrek, Sakina Ouafa marokoarrak, Bamba Keinde senegaldarrak eta Lilibet Vaca boliviarrak parte hartu zuten.
Ekainaren 7an Kulturen Azoka egingo dute Urretxuko Gernikako Arbola plazan, Bizikidetza eta Aniztasun Mahaiak antolatuta. Aurtengoa bigarren edizioa izango da. Ekitaldia atzo aurkeztu zuten, Gernikako Arbola plazan bertan. Aurkezpenean Bizikidetza eta Aniztasun Mahaiko Adara Rabah eta Lehksara Beya sahararrek, Sakina Ouafa marokoarrak, Bamba Keinde senegaldarrak eta Lilibet Vaca boliviarrak parte hartu zuten.
Azoka 11:00etan hasiko da eta egun osoan egongo da zabalik. Gastronomiak tarte berezia edukiko du. Izan ere, Senegal, Bolivia, Nikaragua, Sahara, Ekuatore Ginea, Maroko eta Pakistango gastronomiaz gozatu ahal izango da, besteak beste.
Artisautza lanak ikusteko eta erosteko aukera ere egongo da. Horretaz guztiaz gain, bisitariek euren izenak kaligrafia ezberdinetan idazteko eskatu eta dokumentua etxera eraman ahal izango dute. Gainera, Saharako haima batean tea zerbitzatuko dute eta ilean txirikordak egiteko aukera ere egongo da.
Haurrek euren txokoa edukiko dute: arratsaldean aniztasunaren ginkanak parte hartzeko aukera edukiko dute.
Dantza eta musika ikuskizunak ere ez dira faltako. 13:00etan Batu musika taldeak bere ikuskizuna eskainiko du. Talde horrek Senegalgo erritmoak jotzen ditu eta euskaraz abesten du. 17:00etan Ekuatore Gineako dantza saioa egongo da eta 18:30etik aurrera Tik Tara taldeak erritmo afrokubatarrak eskainiko ditu. Aipatzekoa da baita ere, euskara etorkinen artean zabaltzeko lan egiten duen Banaiz Bagara taldeak postua jarriko duela. Bizikidetza eta Aniztasun Mahaiak ere bere lanaren berri emango du.
Mahaia iaz sortu zuten eta lehen lana Urretxuko kultur aniztasuna ezagutzera ematea izan zen. Horretarako, bideo batzuk grabatu zituzten. Gainera, kriket ikastaroa eta pintxo-potea antolatu dituzte. Kriket ikastaroak arrakasta itzela izan du. Ikastaroa bukatu den arren, haur batzuk astebururo elkartzen dira irakaslearekin kriketean jokatzeko. Pintxo-poteari dagokionez, herrialde ezberdinetako pintxoak jateko aukera eskaini zuen.
Hurrengo helburua harrera plan bat egitea eta herriko elkarte ezberdinak inplikatzea da. Gainera, aniztasunaren mapa prestatzen ari dira: urretxuarren %78 Euskal Herrian jaio da eta %22 Euskal Herritik kanpo.
Balorazioa
Azken horiek herrian integratzea da helburua, eta horretarako, batzuek eta besteek elkar ezagutzea beharrezkoa da. Iñaki Arriaran teknikariak bide onetik doazela dio. «Hilean behin, gutxi gorabehera, hamar bat lagun elkartzen gara. Etorkinak oso ilusionatuta daude. Euren kultura erakusteko eta bertakoekin elkartzeko aukera edukitzea asko eskertzen dute».
The post Ekainaren 7an Kulturen Azoka egingo dute Urretxuko Gernikako Arbolan appeared first on Otamotz.












