Gure Esku Dago giza-katerako katebegiak eta eskuak prest daude
http://youtu.be/5zseK9bLT14 Ekainaren 8ko Iruñea-Durango giza-katea egin dadin hamar egun geratzen direnean, Gure Esku Dago ekimenak bildu ditu 123 kilometro eskuz esku helduta osatzeko lain partaide. Gutxienez 50.000 lagun beharko zirela aurreratu zuten hasieran, eta atzo baieztatu zuten badaudela, kopuru zehatzik eman ez arren.
Antolakuntzari dagokionez, kilometro bakoitzak bere arduraduna izango du, eta horrek beste bost laguntzaile izango ditu, 200 metroro bat. Bestetik, informazio mahai bana kokatuko dute kilometro bakoitzean, lau lagunekin. Metroa erosi ahalko da, baita elastikoak eta materiala ere. Beraz, kilometro bakoitzean antolakuntzako hamar lagun egongo dira.
Herrietako batzordeen artean banatu dute zatien antolakuntza eta koordinazioa: partaideei harrera egin, autobusak eta autoak aparkatu, eta jendea dagokion lekura bideratuko dute. 12:00etan puntuan, adar hots, bozina edo irrintzi deiadarrek adieraziko dute giza-katea hasi dela. Bukaera, berdin.
Lazkao, festaleku erraldoi bat
Goierrin festa jarraitzeko, Lazkao izendatu dute bost lekuetako bat. 10.000 lagun biltzea espero dute han, 42. kilometrotik 70.erakoak. 13:30ean Goierriko bertso eskolako bertsolariek hasiko dute jaia; Gure esku bidea ekitaldia 14:00etan egin, eta 14:30ean mila lagunentzat bazkari erraldoia izango da. Pailazoak, dantza eta erromeria izango dira, jarraian. Beasainen eta Legazpin ere antolatu dituzte herri bazkariak.
OHARRAK:
Boluntarioak eskatu dituzte Lazkaoko jairako
Ibilbidea igarotzen den herri bakoitzeko lanez gain, Lazkao bost festalekuetako bat izango da. Lan egiteko boluntarioak behar dituzte. Bertan 80 bat lagun bildu dira, eta bilera dute asteartean, 19:00etan, udaletxean.
Herri ekimeneko hedabide asko elkarlanean ariko dira
Ekainaren 8ko giza-katea elkarlanean landuko dute herri ekimeneko 21 hedabidek, tartean Goierriko Hitza-k. Zuzenean jarraituko dute. «Iruditzen zaigu gure komunitateentzat interes informatiboa duen ekimena dela, eta aukera aproposa da hedabideon arteko elkarlana sustatzeko. Apustu berezia egingo dugu, eta kalitatezko jarraipen anbiziotsua prestatzen ari gara», esan dute.
Urkijok errekurtsoa jarri dio aldundiaren laguntzari
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijok helegitea jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak Gure Esku Dago mugimenduari emandako diru laguntzaren aurka. Abenduan, Bilduk eta EAJk adostu zuten zuten 100.000 euro bideratzea. Urkijoren ustez, erakunde batek ezin du lagundu erabakitzeko eskubidea bultzatzen duen elkarte edo mugimendu bat.
EKITALDIAK:
- Ataun. Gaur, 19:00, San Martinen: argazkia ateratzea, niki salmenta, animazioa, pintxoak.
- Beasain. Bihar, 12:00-14:00 (Zubimuzu plazan) eta 18:00-21:00 (Bideluze plazan eta Zubimuzu inguruan), mahaiak: elastikoak, Beasaingo bazkari txartelak eta metroak saltzeko. Bazkari txartelak (15 euro) Basakana, Arrano, Tti-Tta, Batzokia, Irizar eta Antzizarren ere bai.
- Ezkio-Itsaso. Metro salmenta, udaletxean edo antolatzaileek. Bilera asteazkenean, 18:30, liburutegian.
- Gabiria. Igandean, 12:00-14:00, metroa erosteko mahaia.
- Idiazabal. Bihar, 19:30, mosaiko erraldoia, futbito pistan; 20:30, ‘Gazta zati bat’ dokumental emanaldia eta informazio ematea, udaletxean.
- Lazkao. Gaur, 18:30-20:30, plazan, material eta metro salmenta. Herri bazkariko (1.000 lagunentzat) txartel salmenta Giroa, Antsoategi, Zelata eta Oker tabernetan, eta Gerriko liburu-dendan (15 euro).
- Legazpi. Metro salmenta (Gurrutxaga eta Katillu tabernetan). Legazpiko bazkariko txartel salmenta, asteartera arte (Katillu, Oilarra, Gurrutxaga eta Laubide tabernetan). Asteartean, 19:00, kultur etxean laguntzaile boluntarioen bilera.
- Legorreta. Bihar, 13:30-14:30, udaletxe azpian mahaia. Materialik ez dute gehiago salduko.
- Mutiloa. Asteazken arte, autobus eta bazkari txartelak salgai, udaletxean eta Ostatuan.
- Ordizia. Gaur, 19:00, Plaza Nagusian: metroa erosteko mahaia (Mujika liburu-dendan ere bai). Bazkari txartelak (15 euro) Mujikan, eta Kirkil, Orlegi, Herrikoa eta Pottoka tabernetan.
- Ormaiztegi. Gaur, 19:00-20:00, eliza parean mahaia, metroak saltzeko.
- Segura. Gaur, 18:00, plazan festa: flashmoba, kalejira, elastiko eta metro salmenta, jakiak.
- Urretxu eta Zumarraga. Bihar, 12:30, Areizaga-Kalebarren plazatik hasita, bi udaletxeak batzeko giza-katea. Informazio lokala (turismo bulego zaharrean), aste osoan irekita 18:30-20:30 artean, eta larunbatetan 11:00-13:00.
- Zalbidia. Gaur, bihar eta etzi arratsaldeetan, elastikoak eta metroak saltzeko mahaiak.
- Zegama. Niki eta autobus txartel salmenta mahaiak. Gaur eta bihar, 19:00; etzi, 12:00.












