Azaroan jarri zituzten sistema mistorako edukiontziak eta zintzilikarioak
Legazpiko atez atekoaren aurkako plataformak pixoihalen edukiontzi grisak errefusarentzako ere erabiltzea eskatu du, eta udal gobernuak legealdia amaitu arte sistema mistoarekin jarraituko duela erantzun du.
Asteazkenean osoko bilkura egin zuten eta plataformako kideak bertan izan ziren. Erreguen eta galderen tartean, Koldobike Olabide plataformako kideak edukiontzi grisa errefusarentzako ere erabiltzearen aldeko 3.054 sinadura jaso dituztela jakinarazi zuen, eta alkateari ea euren eskaera kontuan izateko asmoa duen galdetu zion. «Sinadura hauek zentsuaren %44 dira», gehitu zuen.
Kepa Urtzelai alkateak sistema mistoarekin dirua aurreztea eta %84ko birziklatze tasa lortu dutela eta, beraz, legealdia amaitu arte sistema horrekin jarraituko dutela esan zuen. «2.500 familiak dagoeneko ontzi grisa hartu dute eta horrek %70ak sistema mistoa babesten duela esan nahi du», erantzun zuen.
Biek sistema hobetzearen alde daudela esan zuten, baina Olabidek edukiontzi bidezko bilketa askoz ere merkeagoa dela esan zuen. «Pixoihalak eta errefusa zabortegira doaz eta biak edukiontzi bidez jasoko bagenitu, dirua aurreztuko genuke. Toki berera doazen bi gauza bananduta jasotzeak ez du zentzurik».
Igor Urrate zinegotziak edukiontzi grisa pixoihalek usaina dutelako jarri zutela eta aurki pixoihalak tratatzeko aukera egongo dela gogoratu zuen. «Gainera, edukiontzi grisa berde bihurtzea burugabekeria iruditzen zaigu. Edukiontzi berdea kendu ondoren igo da urdinaren eta horiaren erabilpena», esan zuen. Urtzelaik gaika biltzea «derrigorrezko» egin behar dutela eta emaitza onak errefusa atez ate biltzeari esker lortu direla gehitu zuen.
Sentsibilizazioa
Olabidek eurak ere birziklatzearen alde daudela gogoratu zuen. «Emaitza onak jendearen lan onari esker lortu dira, ez sistemari esker. Jendearen konpromisoa argia da eta sentsibilizazioa landu behar da. Bestalde, joan zen astean 584 ontzi gris kontatu genituen eta errefusaren %26 bakarrik biltzen da ontzi grisen bidez».
Urratek eta Urtzelaik beste herri batzuetan sentsibilizazioa bakarrik landu dutela eta Legazpin baino askoz ere emaitza kaxkarragoak lortu dituztela erantzun zuten.