Tantaka, ametsa ureztatzen
Behar bereziak dituztenei edo menpekotasunean bizi diren pertsonei laguntzeko proiektua da Aurrera Atera. Bazterketa egoeran bizi direnei laguntza fisikoa nahiz emozionala eskaintzen dien elkarte profesionala da. Laguntza terapiak, ordea, animalien bidez egiten dituzte; txakurrekin, batez ere. «Txakurren naturaltasunaz baliatzen gara elkarlanerako, enpatizatzeko eta menpekotasuna dutenekin harremanetan jartzeko», dio Saioa Arrizabalaga taldeko kideak.
Maria Rodriguez eta Johnny Delgadorekin, hiruak dira Aurrera Atera osatzen duten profesionalak; bolondres taldetxo batekin batear. Euren lanean geldialdia egin dute Gipuzkoako HITZArekin euren proiektuaz aritzeko.
Crowdsasuna egitasmoan
Elkarte honek proposatutako Ttanttaka Lagunduz proiektua Innobasque berrikuntzaren euskal agentziak abiatu duen Crowdsasuna egitasmorako aukeratua izan da. Proiektu honen bidez txakurrak heziko dituzte hainbat erabiltzaileei aldizkako bisitak egin eta premia zehatz batzuei erantzuteko. Heziko dituzten 10 txakurrak animalien babeslekuetatik atereak izango dira; eta horiek hezten Zumarragako Ibai Ondo adin txikikoen gaztetxoak arituko dira.
«Behar bereziak dituzten erabiltzaileei laguntzearekin batera, proiektu honen bidez txakur horiei aukera bat emango diegu eta gazteei ere bai», dio Maria Rodriguez Aurrera Aterako kideak.
Ametsa ureztatzen
Proiektua gauzatu ahal izateko beharrezko duten finantziazioa lortzeko kanpaina martxan dago joan den hilaren 20tik. Paperak jasotzen duena errealitate egiteko laguntza ekonomikoa funtsezko dute. Crowdfundingaren lehenengo faseak 40 eguneko iraupena du; ekainaren 29 arte. Fase honetan gutxieneko aurrekontura iritsi beharko dira proiektuak aurrera jarraitu ahal izateko; bestela, laguntzaileek egindako ekarpenak ez dira gauzatuko. Hala, Aurrera Atera Elkarteak 5.150 euroko gutxienekoa lortu beharko du bigarren fasera pasa ahal izateko; 7.550 euroko laguntza dute gehienezko muga.
Donatzaileek jartzen duten euro bakoitzeko gainera, Crowdsasuna Ureztatze Kapitala izena daraman potlsatik beste hainbeste jarriko da. Innobasquek eta La Caixako Gizarte Ekintzak osatu dute poltsa hori 12.000 eurorekin, « horrela efektu biderkatzailea lortu eta denen artean gizarte-inbertsioa sustatuko» dela diote.
Laguntza ematen dutenentzat gainera opariak ere baude; emandako diru kopuru bakoitzeko opari ezberdinak jarri dituzte.
Hiru zutaberen gainean
Segurtasuna, lankidetza eta naturarekiko errespetua. Horiek dira Aurrera Atera egitasmoaren oinarri nagusiak. Horretarako beharra duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko egiten dute lan, «ingurune natural batetik abiatuz eta ludiko-hezigarria den jarrera mantenduz».
2013 urtean elkartu ziren Saioa Arrizabalaga, Maria Rodriguez eta Johnny Delgado. Animaliez lagundutako terapietan teknikariak dira hiruak, eta txakurren heziketan, haur heziketa berezian eta aisialdian prestakunzta ere badute. Buruan zebilkiten ideia errealitate bihurtu, eta Legazpiko Zelanda Goiko baserria egokitu dute animalientzat eta euren ekintzetarako.
Arry, Kale eta Gina lehendik ere eurekin zituzten txakurrak proiektuaren parte bihurtu dituzte. Beste hainbat animalia ere badituzte, zaldiak, katuak, astoak, txerriak nahiz basurdeak. «Animaliak gure lan tresna dira, baina ez pentsa behartzen ditugunik», diote taldeko kideek. Ez luke zentzurik izango, ziur baitaude txakurrak behartuta ez luketela lortzen dituzten emaitzak lortuko.
Beharren araberako laguntzen diseinu pertsonalizatua egiteaz gain, jolas ekintza eta laguntzazko terapiak egiten dituzte txakur eta zaldiz lagunduta. Berziklatzea sustatzeko tailerrak egiten dituzte ikastetxeetan; haurrek desgaitasun edo edozein eragozpen ezagutzeko sentsibilizazio kanpainak ere bai; margotze tailerrak; sormen tailerrak; mugikortasun tailerrak; erlajazio saioak; eskulanak; irakurketa lantzeko saioak eta erakustaldiak ere bai. Guztia, animaliekin.
Gipuzkoako hiru zentrotan ari dira lanean, gaur egun: Uliazpin (Bergara), Goienetxen (Eibar) eta Urretxuko Eguneko Zentroan. Proiektua martxan jarri berri duten arren, ilusio eta gogorik ez zaie falta.
Saioa Arrizabalagak dioenez «ezintasunen bat duten pertsonek egiten duten aldea ikusteak lanean jarraitzeko indarra» ematen die. «Dirua irabazten ez, jartzen ari gara gure poltsikotik. Baina proiektuak merezi duela uste dugu», dio Rodriguezek.
- Aurrera Atera Elkartearen proiektuari laguntza emateko sartu hemen