Egunkariaren kontrako auzi ekonomikoa itxi egin du epaileak
Berria.info- Epaileak auzi ekonomikoa itxi du, ustezko delituak preskribatuta daudelako. Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Auzitegiko epailearen erabakiari helegitea edo apelazioa aurkezteko bost eguneko epea du fiskalak; aurretiazko saioan zigor eskaerei eutsi zien. Diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuak faltsutzea egozten die fiskalak. 2003an urrian izan zen operazioa; zortzi hilabete lehenago euskarazko kazeta itxi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Joan den apirilaren 7an Egunkaria-ren auzi ekonomikoaren aurretiazko saioa egin zuten, Donostian. Kasua artxibatzeko eskatu zuten defentsak, auzia preskribatuta dagoela esanez. Aldiz, fiskalak zigor eskaerei eutsi zien, eta ahozko epaiketa egiteko eskatu zuen. Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Auzitegiko epaileak auzia itxi duela jakinarazi du gaur, ustezko delituak —diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuak faltsutzea— preskribatuta daudela iritzita.
Fiskalak orain gehienez bost eguneko epea dauka erreforma helegitea edo apelazioa aurkezteko. Bi modu ditu: batetik, erreforma errekurtsoa eta, aldi berean, hura onartuko ez balute ere apelazioa aurkeztea —hiru eguneko epea du helegitea soilik aurkezten badu, eta bostekoa, helegiteaz gain apelazio aurkezten badu—, eta, bestetik, apelazioa aurkeztea —bost eguneko epea—.
Gipuzkoako Lurralde Auzitegian aurkeztu beharko ditu fiskalak bere eskaerak. Erreforma helegitea aurkezten badu, Lurralde Auzitegiak Zubimendiren esku utziko du erabakia. Apelazioa bada kasua, Iñaki Subijana Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko presidenteak hiru epaileko mahai bat osatuko du erabakia hartzeko.
Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi akusatuentzat 128 urteko espetxealdia —9 eta 18 urte artekoak— eta 221 milioi euroko isunak eskatu zituen fiskalak aurretiazko saioan.
Zubimendi epaileak joan den maiatzaren 23an idatzi zuen notifikazio agiria, eta gaur jakinarazi du.
Fiskalaren akusazioak
Fiskalak dio zortzi akusatuek Egunkaria-ren 1998, 1999, 2000 eta 2001eko diru kontuak faltsutu zituztela eta diru laguntza publikoak eskuratzeko iruzurra egin zutela. Dena dela, Gipuzkoako Diputazioak txosten batean aitortua zuen Egunkaria-k ez zuela zerga iruzurrik egin, eta Jaurlaritzak esan izan du laguntzak legezkoak zirela.
Duela lau urte, Egunkaria-ko sumario nagusiaren absoluzioaren ondoren, auzi ekonomikoa Donostiako Zigor Auzitegira pasatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta geroago auzitik kanpo utzi zuten Dignidad y Justicia elkartea. Fiskala geratu zen akusazio bakar gisa.
2003ko urriaren 16an izan zen auziko ekonomikoko operazioa, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Urte bereko otsailaren 20an itxi zuen Del Olmok euskarazko egunkaria. Kazetaren itxieran epaiketa egin zuten, Auzitegi Nazionalean, eta 2010eko apirilean absoluzioa eman zuten. Dena dela, auzi ekonomikoak aurrera jarraitu zuen.