Etxeak errentan ateratzeko diru-laguntza programa jarri du martxan Ordiziako Udalak
Alokairu sozialeko erregimenean etxebizitza libreen erretamendua bultzatzeko diru laguntzak emango ditu Ordiziako Udalak. Programa horretan parte hartzeko bete beharreko oinarriak maiatzaren 20ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren.
Ordiziako Udalak 25.780 euro bideratu ditu programa horretara. Kopuru hori honela banatuko da: Errentamendu Modu Orokorrean %50 eta beste erdia Gazteen Erretamendua sustatzeko. Interesatuek uztailaren 21a arteko epea dute izena emateko. Ekainaren 9an, datorren astelehenean, programa honi buruz informatzeko bulegoa zabalduko da udaletxeko arkupeetan.
Programa honen baitan emanten den diru-laguntza urtebeterako izango da, eta Udalak urtero egingo du deialdia. Eskatzaileen baldintzak mantentzen diren bitartean eta udalak dagokion kreditua bideratzen badu, diru-laguntza beste bi urtez luzatu ahal izango da, gehienez hiru urtera arte. Etxebizitzen esleipena zozketa bidezkoa izango da, bai Erretamendu Modu Orokorrean eta baita Gazteenean ere.
Onartuko den gehienezko errenta 550 eurokoa izango da. Eskatzaileek jasoko duten diru-laguntza urteko alokairu errentaren eta pertsona edo bizikidetza-unitatearen urteko diru-sarrera gordinaren %30 arteko diferentzia izango da, urte betez. Errenta urtero aldatuko da bizikidetza unitatearen diru-sarreren arabera.
Programan inskribatzeko eskabideak Herritarren Arretarako Udal Bulegoan eskura ditzakete pertsona interesatuek, eta han aurkeztu behar dute baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa. Informazio gehiago eskura daiteke Ordiziako Udalaren webgunean.