Euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena sinatu dute Ordiziako Udalak eta Ordizia Rugby Elkarteak
Ordizia Rugby Elkartearen lan eta jardueretan euskararen presentzia bermatzeko hitzarmena sinatu zuten kirol elkartearen eta Ordiziako Udalaren artean ekainaren 2an. Ordiziako Udaleko euskara planaren bidez herriko sektore eta esparru guztietan euskararen erabilera bermatu nahi dute. Helburu orokor horren barruan “kirol-arloa euskalduntzeak lehentasun osoa” duela diote.
Hala, Ordizia Rugby Elkarteak hainbat irizpide beteko ditu. Elkarteak antolatzen dituen kanpo-jarduerak gehienbat euskaraz izango dira (aurkezpenak, megafonia, deialdiak, prentsa-oharrak, kartelak…); elkartearen barne-funtzionamendua ere euskaraz izango da gehienbat (errotuluak, zirkularrak, haur eta gazteekin harremanak…). Elkartearen ohiko harremanetan eta euskara erabiltzeko aukera dagoenean ere hainbat neurri beteko dira: Euskal Administrazioarekin harremanak euskaraz izango dira, beste elkarteekin harremanak euskaraz izango dira eta entrenamendu saioetan ere euskara erabiliko da.
Udalerriko kirol taldeei, eta kasu honetan Ordizia Rugby Elkarteari, kirol arloko material didaktikoa, entrenatzaileen beharretara egokitutako trebakuntza nahiz itzulpenak egiteko laguntza teknikoa eta aholkularitza eskaini dizkio Udalak Euskara Zerbitzuaren eta Majori Kiroldegiaren bitartez.