Irakurtze soilagatik saritu ere bai
Euskarazko irakurketa eta liburu salmenta suspertzeko kanpainak irakurri, gozatu eta oparitu egiteaz gain, saritu ere egiten du. Hilabete eskas falta zaio bukaerara iristeko –ekainaren 30ean agortuko da–, eta partaideei zuzendutako egitasmoa egin dute.
Maiatzean Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainan parte hartu dutenen artean 30 euroko erosketa txartelak zozkatzen ari dira. Goierriko zortzi herritan ari da garatzen egitasmoa: Ataun, Beasain, Idiazabal, Lazkao, Olaberria, Ordizia, Segura eta Zaldibia. Herrika egingo dute zozketa.
Oraingoz, Lazkaoko, Beasaingo eta Ordiziako irabazleen berri eman dute antolatzaileek. Ainhoa Mendia, Eneko Urdanpilleta eta Elbereth Fernandez dira.
Kanpaina erantzun «oso ona» izaten ari dela aurreratu dute sustatzaileek. Berez, zortzi herrik bat egitea jada «poztekoa» da. Bibliotekako liburu bat irakurri eta horren fitxa bat betetzen duenak, %25eko deskontua lor dezake beste liburu bat erosteko (%50ekoa euskara elkarteen bazkide bada).