Lau elkarrizketatik ia bat da euskaraz Urretxuko eta Zumarragako kaleetan
Urretxuko eta Zumarragako kaleetan euskararen erabilera neurtu du Soziolinguistika Klusterrak, bi udalek eskatuta. Iazko azaroan egindako landa-lanean ateratako emaitzen arabera, bi herrietako kaleetan lau elkarrizketatik ia bat egiten da euskaraz. Kopurua ehunekoetara eramanda %23,4 da. Gainerako elkarrizketak gaztelaniaz egiten dira nagusiki, %74,1. Badira, baita ere, beste hizkuntza batzuetan egiten diren elkarrizketak ere (%2,5).
Urretxuko eta Zumarragako kaleetan euskararen erabilera neurtu du Soziolinguistika Klusterrak, bi udalek eskatuta. Iazko azaroan egindako landa-lanean ateratako emaitzen arabera, bi herrietako kaleetan lau elkarrizketatik ia bat egiten da euskaraz. Kopurua ehunekoetara eramanda %23,4 da. Gainerako elkarrizketak gaztelaniaz egiten dira nagusiki, %74,1. Badira, baita ere, beste hizkuntza batzuetan egiten diren elkarrizketak ere (%2,5).
Erabileraren datuak kokatze aldera, urretxuarren zein zumarragarren hizkuntza-gaitasuna zein den zehaztu dute klusterreko ikertzaileek. 2011n Eustatek argitaratutako datuei jarraiki, Urretxuko eta Zumarragako biztanleen %50,2 euskalduna zen –Urretxun %56,7 eta Zumarragan %45,7–. Euskalduna izan gabe, nolabaiteko ezagutza zutenen kopurua %20,8 zen –Urretxun %20,6 eta Zumarragan %31,1–. Azkenik, erdaldunak %26,8 ziren –Urretxun %20,6 eta Zumarragan %31,1–.
Ezagutzaren eta erabileraren arteko hartu-emana neurtzeko formula bat asmatu zuen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik bere garaian. Formula horren bitartez ezagutza kopuru jakin batetik abiatuta espero daitekeen erabilera kalkulatu daiteke. Urretxuren eta Zumarragaren kasuan espero daitekeen erabilera %19 da. Hortaz, iazko erabilera datuak ezin dira txartzat hartu. Are gehiago, Soziolinguistika Klusterrak Euskal Herriko udalerrietan egindako behaketetan, erabilera esperotakoaren gainetik egon ohi da, eta bi herriotan hala dela sumatu dute: «Herriko euskaldunak nahiko trinkoturik bizi direla esan nahi du, eta euren arteko harreman-sarea nahiko bizia eta aberatsa dela. Euskaldunen leialtasunaren nolabaiteko seinale era bada datu hori».
Optimismoa eta kezka
Jexux Mari Alberdi Urretxuko euskara teknikariaren iritziko, «erabilera berreskuratu egin da nolabait, eta joera horrek optimistak izateko aukera ematen digu». 2001ean egindako kale erabilera datuak oso onak izan ziren eta 2009an datuak erori egin ziren. Alberdik baikortasunez baloratu ditu datu berriak, hala ere, gazteen eta haurren erabilera datuekin kezkatuta agertu da: «Adin tarte horrek du ezagutza maila altuena, eta erabilera ez da nahi bezain zabala. Gogoeta egin behar dugu horren inguruan, eta egiten ditugun ekintzetan aintzat hartu».
Olatz Elustondo Zumarragako euskara teknikariaren iritziz, «azken urteetako beherako joera hautsi dute datu hauek. 2009ko datuak etsigarriak ziren eta oraingoak ez dira txarrak. Hala ere, adi-adi egoteko arrazoi bat baino gehiago dago adin tarteei erreparatuz gero».
Euskara merkataritzan
Gaur, 15:00etan, Estitxu Garaik Euskara: tresna eta aukera merkataritzan hitzaldia egingo du Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Hitzaldia Merkataritza Euskalduntzeko Planaren barruan antolatu dute Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko udalek; datorren astean Legazpin hitzaldi bera egingo du. Hitzaldiotan bezeroa zein hiztun taldekoa den kontuan hartzea ezinbestekoa dela esango du, besteak beste, Garaik.
The post Lau elkarrizketatik ia bat da euskaraz Urretxuko eta Zumarragako kaleetan appeared first on Otamotz.