Santa Barbara musika zaleen topaleku izango da datozen bi larunbatetan
Larunbatean Kale Gorrian kontzertu zikloaren bigarren edizioa hasiko da. Hurrengo bi larunbatetan, 20:00etan, kontzertuak egongo dira Santa Barbaran. Lehen jaialdian The Northagirres talde urretxuarrak eta Bakelite eta Audience talde bizkaitarrek joko dute. The Northagirres taldea Iñigo Agirrebalzategik sortu zuen 2012an, bere gainontzeko proiektuetan lekurik ez zuten kantak plazaratzeko.
Larunbatean Kale Gorrian kontzertu zikloaren bigarren edizioa hasiko da. Hurrengo bi larunbatetan, 20:00etan, kontzertuak egongo dira Santa Barbaran. Lehen jaialdian The Northagirres talde urretxuarrak eta Bakelite eta Audience talde bizkaitarrek joko dute.
The Northagirres taldea Iñigo Agirrebalzategik sortu zuen 2012an, bere gainontzeko proiektuetan lekurik ez zuten kantak plazaratzeko. Kanta batzuk lasaiak dira, folk-rock amerikarra edo Neil Young akustikotik gertu, eta beste batzuk The Rolling Stones-en rock-and-roll-aren antza dute. Lehen diskoa 2012ko Gabonetan grabatu zuten.
Agirrebalzategirekin batera, Iñaki Urizabalek (bateria), Aitor Godoyk (gitarra), Borja Aranburuk (baxua eta ahotsa) eta Iker Alvarezek (gitarra) jotzen dute.
Bakelite, berriz, Bermeoko bikote bat da: Naiara Anasagasti eta Sergio Llanos. Azeriak izeneko diskoa du kalean. Audience talde gernikarrak, berriz, hainbat disko grabatu ditu. Baita Amerikanuak filmaren soinu banda ere.
Bigarren musika jaialdia ekainaren 13an egingo dute. Mursego bakarlariak eta Za! eta SchnaAAk bikoteek joko dute. Mursego eibartarrak hiru disko grabatu ditu dagoeneko eta hamaika elkarlanetan parte hartu du. Za! bikoteari dagokionez, Bartzelonakoa da, eta Gorka Erostarbe antolatzaileak zuzeneko «indartsu» eta «aparta» duela dio. SchaAAri dagokionez, Berlingoak dira.
Aipatu, kontzertuen aurretik, tarteetan eta ondoren Antton Iturbe urretxuarrak musika jarriko duela. Bestalde, aurtengo kartela Ane Miren Ormazabalek egin du. Sarrera doan da, baina Kale Gorrian kultur elkarteak laguntza bonoak atera ditu. Kontzertu baterako bonoak 5 euro balio du eta bi kontzertuetarako bonoak 10 euro. Bonoa erosten dutenei, mokadutxoa emango diete. Gainera, bi kontzertuetarako bonoa erosten dutenek zozketa batean parte hartuko dute.
Bonoak erosteko aukera
Bonoak Fox, Huts eta Motz tabernetan, gaztetxean, Santa Barbaran eta sbaterpe@gmail.com helbide elektronikora mezua bidalita eros daitezke.
Kale Gorrian egitasmoaren helburua herritarrei musika aire librean entzuteko aukera ematea da. «Festetan-eta musika kalean entzuteko ohituta gaude, baina ez kontzertu formatuan. Beste helburu bat herritarren artean musika mota ezberdinak ezagutzera ematea da», esan du Erostarbek.
Aurten bi saio bakarrik antolatu dituzte, hilaren 21ean Herri Opera egongo baita. «Helburua urtero hiru saio antolatzea da: batean rock estandarra, beste batean musika esperimentala eta hirugarrenean musika herrikoiagoa».
The post Santa Barbara musika zaleen topaleku izango da datozen bi larunbatetan appeared first on Otamotz.













