Urtzi Arrondo izango da Beasain K.E.ko lehen taldeko entrenatzailea
Iker Lasa legorretarrak Beasain K.E.ko entrenatzaile lanak utzi berri dituen honetan, talde zuri-urdinak badu jada entrenatzaile berria. Urtzi Arrondo beasaindarrak hartuko du bere postua. Arrondok ondo ezagutzen du taldea 2009 urtera arte bertan jokatu zuelako: Taldeko kapitaina ere izan zen eta jokalari izateari utzi zionean, urrezko intsignia eman zion taldeak, egindako lana eskertze aldera.
Orduz geroztik, Beasain K.E.ko taldeak entrenatzen aritu da, tartean bigarren mailako Beasain K.E.ren lehen taldea ere bai, bigarren entrenatzaile moduan, Lasarekin batera. Portu berria “ilusioz” hartu duela azaldu du: “iazkoa erronka berria izan zen niretzat, eta aurtengoa are erronka handiagoa izango da. Ardura gehiago izango dut orain”, azaldu du. Festetan ere, herritar askok zoriondu dute Arrondo: “Azkenean ezaguna zara, zorionak eman dizkidate, benga-benga! esaten zidaten… Horrek presio gehiago sortzen dit, baina, pozgarria ere bada”.
Berak gidatuko duen taldean “inguruko jokalari gazteak, harrobian ibili direnak” sartuko dituztela azaldu du. “Aukerak emango dizkiegu jokatzeko, jakinda maila lehiakorra momentu batean agian pixka bat lermatuko dela, baina, balantzaren beste aldean ilusioa eta lan egiteko gogoa izango ditugu. Oreka bat mantenduta, talde ona eta urte ona egiteko asmoa dugu.
Uztailean hasiko da lanean eta denboraldia abuztu amaieran hasiko dela aurreikusten dute.