
Guregan eguraldiak duen eragina nabarmena baldin bada zer esanik ez naturari erreparatuz. Berde dira bazterrak baina baratzeak nahi baino tristeago. Ezin aurreraturik tomate, leka eta piperrak esate baterako, gorrina sartzen ari da. Maiatza halaxe joan da eta ekainak lehengo lepotik burua. «Pozoina da hau» esaten zuen Kontxi Arizaga zaldibiarrak, izan ere, negutegirik ezean, aukera asko mugatzen da eta eguraldiaren menpekotasuna oraindik ere estuago sentitzen da. Hala ere, azenario berri sorta franko ekarriak zituen.
Negutegiak lagun berriz, lehen leka fresko-freskoak ekarri zituen Anoetako Maria Teresa Jauregik (7 euroan kiloa) eta lehen piperminak, nola ez, Ibarrakoak. Monteseneko Arantxa Iparragirreren postuan (10 €/k), izan ere ez dute alferrik «Ibarrako langostino» izengoitia hartzen.

Frutei dagokionez, magurdia edota franbuesa hasi da; kilo mordoxka eta kolore eta neurri ederrekoak ekarri zituen Aramako Arantxa Zurutuzak (10 €/k).
Ilarraran prezioa dezente jaitsi da (6-8 euro artean da); «gorengo momentua izaten du hasiera hortan eta gero erosleei ere segituan pasatzen zaie erosteko beroaldi hori» entzun diegu saltzaileei. Aurten, gainera, ilar urtea ere izan da eta horren eragina ere bada prezioaren beheratzea.
Gibelurdinak hasi dira
Mikologia atalari dagokionez, udaberriko zizek onena eman dutela esan daiteke. Nahiz eta oraindik asko dagoen, ilun kolorea hartzen hasiak dira gehienak. Aste honetan estreinatu diren gibelurdinek(19 kilo), onddoek eta zizahoriek osatzen zuten atzoko eskaintza.
12 hilabete, 12 produktu
Zainzurien hilabetea bukatu ahala, gereziena hasi da. Ekainean hori izango da produktu protagonista; atzokoan, bereziki, Nafarroako Milagrokoak ziren salgai.