Olaberriko tiro zelaia ixteko agindu du Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak
Olaberriko herrigunean dagoen kirol tiroko eremua itxi egin beharko du udalak. Halaxe ebatzi du Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiaren administrazio gaietarako 2. arloaren epaiak. 2012an Donostiako auzitegiaren sententzia baliogabetu du epaiak, Olaberriko Udala ixtera behartzeko beharrik ez zegoela zioena. Orain, erabaki hari apelazio helegitea jarri zion herritar talde bati arrazoi eman dio auzitegiak, eta udalari ixteko espedientea has dezan agindu.
Ixteko eskaria herritar talde batek egin zuen. Udalak erantzun zien ez zuela itxiko, eta aldiz jarduera legeztatzeko prozedura hasiko zuela —jarduera baimenik gabe dihardu, 1968-70ean hasi zenez geroztik—. Herritarren ordezkariak, udaleko EH Bilduko bi kide eta Eguzki talde ekologista atzo prentsaurrean agertu ziren, eta udalari “lehenbailehen” itxi dezala eskatu zioten, “legez kanpokoa, kutsagarria eta arriskutsua” delako.
Eguzkiren arabera, tiro zelaiaren inguruko sailetan berun maila eta platerak egiteko bitume produktuaren hidrokarburu mailak onargarritzat jotzen diren mugatik gora daude. 18 lur mostra neurtu dituzte, eta bat bakarrik zegoen onargarriaren esparruan. Mostra batek lur kiloko 27.000 miligramo berun zuen, onargarriaren muga 120 miligramo denean (nekazaritzako pentsuetan, adibidez, kiloko 30 miligramo berun da gehieneko muga).