Ordiziako EAJk "aparkalekuen arazo larriari" aurre egiteko eskatu du
Ordiziako EAJko zinegotzi Jose Migel Santamariak prentsa agerraldia egin du gaur goizean. Ordizian autoak aparkatzeko omen dagoen arazoa konpontzeko eskatu dio Udalari. “Ez dago herriko auzo desberdin guztietatik paseatzea besterik arazoa larria dela ikusteko”, esan du.
Hala, EAJko ordezkariak esan duenez “Udalaren betebeharra Ordiziak dituen benetako arazoei aurre egitea da, eta horietako bat aparkalekua da”.
2014rako EAJk Bildurekin adostutako hainbat proiektu martxan jartzeko eskatu du zinegotziak; horien artean, udaletxean aurrekontuen jarraipen batzordea osatzeko eskaria egin duela aurreratu du. “Sei hilabete pasa ondoren gaiari heltzeko garaia iritsi da eta bagokion lizitazioa martxan jartzea eskatzen dugu”, esan du.
EAJk aparkalekuen kudeaketa duen proposamena zein den galdetzean, zinegotziak kokalekuak “zehazteke” daudela esan du: “Errazen dagoen lekuan egin beharko da: Barrenan, Oreja inguruan edo Bazterretxe plazan”.
Mugikortasun Planean oinarrituz egindako trafiko aldaketak ere kritikatu egin ditu Santamariak, “mugikortasuna larritu” egin dela esan du. Zinegotziaren ustez, aparkalekua “ezinbestekoa” da tokiko merkataritza biziberritzeko eta ordiziar eta bisitariei erantzuna emateko.
2013ko urrian aurkeztu zuen Mugikortasun Plana Ordiziako Udalak eta apirilean trafiko aldaketen berri eman zuten. Goierriko HITZAk egindako elkarrizketan, bestalde, Aitor Escalante udaltzainburua trafiko aldaketei buruz eta Ordiziako aparkalekuei buruz aritu zen.