Gure Esku Dagok gizartean "topaguneak" eraikitzen jarraituko du, erabakitzeko eskubidea gauzatu arte
http://youtu.be/6l9NL6Wgc5w "Aupa ekipo!" esanez hasi du Gure Esku Dago dinamikaren bozeramaile Anjel Oiarbidek Lazkaoko ekitaldi nagusiko hitzaldia. 14:05ean, eguzki galdatan eta ehunka lagunen aurrean, giza katean eta herriz herriko lanketan parte hartu duten euskal herritarrak zoriondu ditu, lehendabizi, "desio genuen sentimendu hau irudikatzeagatik eta errealitate bihurtzeagatik".
Auzoetan eta herrietan aurreko urtebete honetan egin den lanari balio handia eman dio Oiarbidek, “konfiantza landu, konplizitateak sortu, elkarlana sustatu, lubakien gainetik zubiak eraiki eta euskal herritarrak oinarri komun batean saretu” dutelako. “Etxean egonda”, bereziki goierritarrak zoriondu ditu, 2007an Nazioen Mundua prozesua hasi zenetik sinistu dutenekin gogoratuz. Proiektua “txikitik handira” doala gaineratu du, eta “sortzen ari diren oinarriak sendoak”.
Gaurko giza katea lanketaren “ondorio” eta “mugarri handi” da. “Herritarren artean sortzen hasi den sare hau kimu bat da, gaurko aldarria biharko erabaki bihurtuko duen lorearen kimu. Ez gara aspertuko errepikatzen: erabakitzeko eskubidea printzipio demokratiko bat da”, esan du. Lortutakoa “asko” den arren, esparru guztietara ez direla iritsi aitortu du, “baina norabide honetan eta jarrera eraikitzailean pausoak eman ahala, kalitate demokratiko handiagoa duten gizarteetan bezalaxe, hemen ere erabakitzeko eskubidea herri honetako sentsibiliteate politiko guztien topagune izango da”, azaldu du, Eskoziaren kasua gogoratuz.
Bihartik aurrerako lanak ere aurreratu ditu, “gaur ez delako ezer bukatzen”. Urtebetean egindakoa “entsegu koxkor” bat izan dela esan du Oiarbidek. Gure Esku Dago ez da “lelo huts bat, jarrera bat baizik”. Etorkizuna herritarren esku dagoela gaineratu du, eta gizartean topaguneak zabaldu nahi ditu dinamikak. “Zer garen eztabaidatzeari utzi, eta zer izan nahi dugun erabakitzeari ekin nahi diogu. Eta horretarako den-denak behar-beharrezkoak dira”.
Abiatutako bidean jarraituko dutela agindu du, “konfiantza eta elkarlana auzo eta herri bakoitzeko txoko orora hedatzeko”.
Gaurko topaketarekin “mundua Euskal Herrira begira” jarri dela aipatu du Oiarbidek. Eskoziako eta Kataluniako galdeketen urtean, euskal herritarrek “hemen gaude” esateko mezua ematea “oso garrantzitsua” da. “Txikira jokatzen ia nazka-nazka eginda gaude, handira jokatzeko garaia da. Eta hemen denok gara beharrezko, bereziki herritarrak”.
Gaurko sortu den “inertziarekin” eremu berri bat sortu da. Udazkenera bitartean adosgune bat sortzea da asmoa. Hiru-lau hilabetera “estadio handi bat beharko” dutela aurreratu du, batuko den jende guztia biltzeko -ez du xehetasun gehiago eskaini-. “Hau ez da kanpaina bat, hau bizitzako misio bat da. Guk jaso dugun gizartea baino hobea lehenbizi gure buruei eskaintzea da, eta ondoren gure seme-alabei. Merezi dugulako”. Bukatu du Oiarbidek.
Ibilbide honetan, gaurko giza katea ikusterik izan ez duten hiru lagun gogoratu ditu Gure Esku Dagoren bozeramaileak: Luis Katarain artzaina (aurten hil da, Gazta zati bat dokumentalean paper esanguratsua du), Mikel Garmendia eta Loinaz Urrestarazu idiazabaldarrak.
Amaieran, Gure Esku Dagoren hiru oinarriak oihukatu ditu: “Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea daukagu, herritarron garaia da. Gure eskubidea da, eta bidea gure esku dago”. Dinamikaren sintonía abestuz bukatu du ekitaldia. Bukatzeko, “aupa ekipo! Eutsi goiari”, esanez bukatu du.













