http://youtu.be/QwjhWDsNebw
Denbora askoan gogoan edukitzekoa. Hunkigarria. Izugarria. Erraldoia. Sentsazio horiek eragin ditu Gure Esku Dago giza kateak, partaideek igandean bertan esaten zutenez. Goierrin milaka lagunek eman diote elkarri eskua, etorkizunari bostekoa luzatzeko. Durangotik Iruñerako 123 kilometroko soka –Goierrin 36– eta 150.000 partaideren uholdea bideratzeak lan handia eskatu duen arren, bidea hasi besterik ez dela egin aurreratu dute sustatzaileek.
Denbora askoan gogoan edukitzekoa. Hunkigarria. Izugarria. Erraldoia. Sentsazio horiek eragin ditu Gure Esku Dago giza kateak, partaideek igandean bertan esaten zutenez. Goierrin milaka lagunek eman diote elkarri eskua, etorkizunari bostekoa luzatzeko. Durangotik Iruñerako 123 kilometroko soka –Goierrin 36– eta 150.000 partaideren uholdea bideratzeak lan handia eskatu duen arren, bidea hasi besterik ez dela egin aurreratu dute sustatzaileek.
Lazkao izan da giza kateko bost biltokietako bat, behin 12:30ean errepideko agerraldia bukatu zenean. Gure Esku Dagoren bozemaile Anjel Oiarbidek eskerrak eman dizkie partaideei, bai herenegungoagatik, bai azken urtebetean herriz herri egindako lanagatik: «Zorionak guztioi, aspalditxotik euskal herritarrek desio genuen sentimendu hau irudikatzeagatik eta errealitate bihurtzeagatik; norbanakoen konfiantza lantzeagatik; konplizitateak sortzeagatik; elkarlana sustatzeagatik; lubakien gainetik zubiak eraikitzeagatik».
Jendetzaren artean, erabakitze eskubidearen aldarrikapena errespetu osoan gauzatu da, Goierrin barrena. Partaide kopurua esperotakoa baino ugariagoa izan da, gainera. Lazkaon, adibidez, izena emanda zeuden 800 herritarretako batzuei plazan bertan gelditzeko eskatu zieten goizean, bideak «beteta» zeudela eta. Mosaikoa osatu zuten han, ingelesez Basques decide (Euskaldunek erabaki) esaldia osatuta. Enparandegi baserriko zelaian, berriz, segalariek Gure eskubidea ebaki zuten belarretan. Bi helikopterok hartu zituzten irudiak, airetik.
Lizarrustiko mendatea (Ataun) zen toki konplikatuetako bat, antolatzaileek aurrez iragarri bezala, luzeragatik eta irispide urriengatik. Hutsune batzuk gora-behera –Ormaiztegi aldean ere zati batzuk soilago egon ziren–, oso-osorik bete zen. 11:00etarako Lazkaotik Ataunerantz 128 autobus igarota zeuden; CAFen aparkalekuan 60 zeuden. Uholdea ondo lerrokatu zen.
Antolakuntza ona nabarmena izan zen, eta eskatu ahala garatu ahal izan zen eguna, nola giza katean, hala geroko festan. «Izugarrizko jendetza etorri da. Gaindituta gaude, baina zentzu onean. Hau txundigarria da, oraindik hunkitu egiten naiz. Behin ere ikusi gabeko gauza bat da», zioen Lazkaoko Xanet Barreras antolatzaileak, igandean. Sei hilabetean 15-20 lagun aritu dira guztia prestatzen, eta azken egunetan 250 pertsona. «Eskerrak eman nahi dizkiogu Lazkaori eta Goierri guztiari, zeren hau Goierriko lankidetzako festa bat da».
Eguraldia eta giroa, berotzen
Goiza 18 gradu atseginekin erne zen, eta 26 harrapatu zituen eguerdirako. Eguzkiak gogor jo zuen. Lazkaon, arratserako, txosnako edari asko agortu ziren, tabernak izozkirik gabe geratu ziren. Festaren giroa goritik hasi zen, 10:00ak alderako. Bizkaitarrek, besteak beste, ezaugarri duten animoso izaera erakutsi zuten, une oro. Egunak hala jarraitu zuen, harik eta 19:30a aldera Guri5 taldeak erromeria bukatu, eta giza katearen sintonia dultzaina soinuz joz, azken bisitariak kalejiran urrundu ziren arte.
Egunaren izaerari buruz, berriz, gutxiago ezin da esan. «Hau hasi besterik ez da egin. Aurretik egindako lanaren azken jaia da gaurkoa. 140 batzorde baino gehiago osatu dira, orain dela urtebete hiru bakarrik zeuden. Imajinaezina da», zioen Gure Esku Dagoren Goierriko koordinatzaile Oskar Sotok.
«Goierritarrak, txapo. Baina baita kanpotik jaso ditugunak ere. Denak borondate onez eta eskerrak emanez etorri dira. Zoragarri», gaineratu zuen Sotok.
Ekitaldi nagusian –puntu-puntuan hasi zen, 14:05erako; Igor Sarriegik aurkeztu zuen–, Oiarbidek bi ideia jorratu zituen. Orain arte egindako lana, lehena. Goierritarrak «bereziki» zoriondu zituen, 2007an hasitako proiektuan «sinistu» dutelako. Giza katea ikusterik izan ez duten Luis Katarain, Mikel Garmendia eta Loinaz Urrestarazu zirenak ere gogoratu zituen.
«Herritarrek egindako lanaren ondorio da gaurko hau, mugarri handi hau», esan zuen Oiarbidek. Sare kontzeptuaren balioa nabarmendu du. «Herritarren artean sortzen hasi den sare hau kimu bat da, gaurko aldarria biharko erabaki bihurtuko duen lorearen kimu».
Bestetik, geroari erreferentzia egin zion, «gaur ez da ezer bukatzen» esan eta gero. Urtebete honetako lana «entsegu koxkor bat besterik» ez da izan, eta gizartean «adosguneak eta topaguneak» sortzen jarraituko du Gure Esku Dagok. «Hau ez da kanpaina bat, hau bizitzako misio bat da. Guk jaso dugun gizartea baino hobea eskaintzeko, lehenbizi gure buruari, eta ondoren gure seme-alabei. Merezi dugulako».
Dinamikak gizartean «eragiten» segituko du orain.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.