Olaberria Herriarteko finalera iritsi da, palan
Olaberriko palari taldeak Gipuzkoako Herriarteko pala txapelketako finala jokatuko du, finalaurrekoan Deba kanporatu ondoren. Asteburuan, partida bat irabazi eta beste bat galdu dute, baina orokorrean 3 eta 1 menderatu dute olaberritarrek Deba.
Deban, paleta larruzko partida irabazi egin zuten Arrietak eta Olaranek, Beitia-Etxeberria debarren aurka (26-35). Pala motzez, berriz, Berasategik eta Garridok ezin izan zuten, Lopez-Sanchez bikoaren aurka (40-35). Herriarteko aurtengo ibilia, ordea, erabat aldeko izan du Olaberriak: bost partida irabazi dituzte, eta bakarra galdu.
Finalean Donostia izango dute aurkari. Larunbatean 11:00etan jokatuko da, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Olaberritik autobusa antolatuko dute, doan, joan-etorria egiteko. Ondoren, bazkaria izango da, galdu ala irabazi.
Bi finalisten bosna txapela dituzte Herriartekoan. Gehien dituztenak dira, Errenteriarekin batera. Garaileak, aurtengo titulua lortzeaz gain, irabazle-zerrendan loriatuenaren ohorea ere jasoko du.













