
Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Jarrai-Haika-Segi gazte erakundeetan ibiltzeagatik auzipetutako 40 pertsonak. Urrian hasi zen epaiketa eta otsailean bukatu, 26/11 sumarioan oinarrituta. Gaur eman du epaileak epaia: kargurik gabe libre utzi ditu. Auzitegi Nazionaleko epaimahaian boto partikular bat ere egon da.
Epaitu dituztenen artean daude Xumai Matxain zaldibiarra eta Ion Telleria idiazabaldarra. Seina urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak. 2009ko azaroaren 24ko gauean 34 gazte atxilotu zituzten Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak, Hego Euskal Herrian, ETAren laguntzaile izatea leporatuta. Aste eta hilabete batzuk geroago, beste zazpi (tartean Telleria, Lapurdin) atxilotu zituzten. Atxiloaldian torturatu egin zituztela salatu zuten auzipetuetako askok. Fiskaltzak berak zalantzan jarri zuen tortura salaketak ikertzeko auzitegiek egindako lana.
Ion Telleriak Euskadi Irratiari esan dionez, “sorpresa” izan da absoluzioa, “nahiz eta bidezko irteera bakarra hori zen”. Epaia irakurri eta ondorioak xehekiago atera nahi dituzte. “Ikusi behar da epaiak zer dioen, behingoz jakiteko Auzitegi Nazionaleko ziklo hori ixten den. Tentuz hartuko dugu, baina lehen kolpean pozik, noski”.
Bai auzipetuek, bai senitarteko eta lagunek, “zama” handia kendu dutela gaineratu du. Auzipetuek urtebete eta bi urte arte egon behar izan zuten espetxean, atxilotu ondoren eta baldintzapeko askatasunean irten aurretik.