Emakumeen Bira Ataunen bukatuko da, igandean, San Martingo 50. proba ohoratzeko
Goi mailako txirrindularitzaren asteburua izango dute, Ataunen. Larunbatean zein igandean, bi proba esanguratsu antolatu ditu Agauntza kirol elkarteak. Emakumeen 27. Biraren bukaera Ataunen izango da, igandean, laugarren etapa hasi eta bukatuko delako bertan. Bezperan, larunbatarekin, eliteko eta 23 urtez azpiko afizionatuen Euskadiko Txapelketa jokatuko da, San Martin Proban.
Izan ere, urrezko ekitaldira iritsi da San Martin Proba, 50. lasterketa egingo delako, etzi. Urteurren borobilari behar bezalako ospakizuna eta kirol maila emateko antolatu dute Biraren bukaera. Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako amateur onenak aukeratzeko ohorea ere izango du.
Urrezko ekitaldia ospatzeko, Euskal Herriko Itzuliaren bukaera Ataunen antolatzea zen antolatzaileen nahia. «Baina diru asko zen, gehiegi gure aurrekonturako, eta ezin izan genuen ekarri», aitortu du Juan Arrondok.
Gizonezkoena ezin izan dute, baina emakumezkoen Emakumeen Bira bai. «Haiekin hartu-emanetan jarri, eta larunbateko etapa eskaini zidaten. Baina nik bukaera izatea nahi nuen. Garestixeagoa da, baina Emakumeen Biraren bukaera Ataunen izango da». 35.000 euro kostako da.
Nazioarteko txirrindulari profesionalek parte hartuko dute 27. Emakumeen Biran. Gaur hasiko da, Iurretan (Bizkaia), eta bihar Oñatin (Udana, Legazpi, Zumarraga, Ormaiztegi eta Atagoititik pasatuko dira) eta etzi Arrieta-Mungia etapak jokatu ondoren, igandean Ataun-Ataun etaparekin (115,4 km) bukatuko da.
Hemezortzi taldek parte hartuko dute Emakumeen Biran, tartean Lointekek (Irene Usabiaga ordiziarra ez da partaide izango) eta CAFek babestutako CAF Transport Engineering. Emma Johansson suediarra (Orica-Ais) —iazko Biraren irabazlea— eta Marianne Vos herbeherearra (Rabo-Liv-Giant) —2011n eta 2008an garaile— dira faborito, biak ere mundu mailan puntanekoak gaur egun.
Birako etapa luzeena Ataungoa izango da, 115,4 kilometrorekin. Urkillagako mendatea (Aia auzo aldetik) eta Abaltzisketa (Amezketa aldetik) izango dituzte zailtasun handienak.
Amateurren Euskadikoa, etzi
Igandekoa Ataungo txirrindularitzaren historian opari gehigarria baldin bada, San Martin Probaren 50. ekitaldirako bere izaera mantenduko diote. Proba larunbat goizean jokatuko da, 136,2 kilometroan. Emakumeen Birako ibilbidearen antzeko izango dute elite eta 23 urtez azpiko amateur mutilek ere, mendate berekin.
Euskadiko Txapelketa izango da, iaz bezalaxe. Hirugarren aldia da Ataun San Martinen titulu hori izendatzen dena: 2013ko proba elitetan Kepa Vallejok eta 23 urtepekoetan Egoitz Fernandezek irabazi zuten, eta 2006an Iker Aramendiak eta Sergio de Lisek.
«Ataun San Martin probak 50. aldia du aurten, baina urte askoan egin gabe egon zen, 1961etik 1980ra», gogoratu du Arrondok. Agauntza kirol elkartea 1981ean sortu zuten, eta hark hartu zuen ardura atzera proba antolatzeko. Etenaren aurreko azken karrera, 1960an, Jesus Arantzabal bergararrak irabazi zuen. Bigarren aroko lehena, 1981ean, Julian Gorospek; 1982an Jose Luis Jaimerenak eta 1983an Jokin Mujika itsasondoarrak.
Bigarren garaian behintzat, beti afizionatu mailako txirrindularientzat izan da Ataun San Martin proba. «Lehenago, garai batean beste maila batzuk ere bereizten ziren, neoprofesionalenak eta». 50 ekitaldiko historian, hiru ataundarrek lortu dute irabaztea: Joxe Urrestarazuk 1954an, Jazinto Urrestarazu anaiak 1956an, eta Dioni Galparsorok 2002an.
Elkartea, erreleborako prest
Agauntza kirol elkarteak antolatu izan ditu 1981etik gaurdaino herriko txirrindularitza probak. Tartean, Euskal Herriko Itzuliaren bi edizio. Baina ziklo-krosak ere egin izan dituzte. Gaur egun, amateurrentzat San Martin eta San Gregorioko probak prestatzen ditu Agauntzak; juniorrentzat Aiako lasterketarekin lau urte daramate, eta eskola adinekoentzat San Martinen beste saio bat ere jartzen dute, urtero.
Elkartearen martxa bi lagunek daramate, ohikoan: Juan Arrondok eta Joxe Mari Mendizabalek. Ondoren, «herri guztiaren laguntza» izaten dute, karrera egunetan azpiegiturak muntatu, bidegurutzeak itxi eta beste hamaika lan egiten. Asteburu honetan, Ataungo jubilatuak Saloun oporretan direla eta, boluntarioak eskatu dituzte.
Asteburu honetako txirrindularitza blaitua izango da mende erdiari ukitua emango dion seinale handiena. Hala ere, urrirako beste ekitalditxo bat prestatzen ari dira Agauntzako Arrondo eta Mendizabal. Txirrindulariekin hitzaldi bat egingo dute, eta urtean zehar laguntzaile diren guztiekin afaria gero. Bideo bat lantzen ere ari dira.
Arrondok eta Mendizabalek beraien karrera bukaerara iritsi dela azaldu dute. Antolatzaile lana utzi egingo dute urriko ekitaldien ondoren, eta erreleboa emateko prestatzen ari dira.
Ibilbideak
50. san martin proba
Larunbata. Afizionatuen Euskadiko Txapelketa
- 09:30. Ataun San Martin.
- 09:39. Lazkao.
- 09:44. Ataun S.Martin (itzuli).
- 09:52. Beasain.
- 10:03. Legorreta.
- 10:23. Amezketa (itzuli).
- 11:01. Ataun S.Martin.
- 11:07. Ataun San Gregorio.
- 11:12. Kaxeta.
- 11:14. Aia.
- 11:16. Urkillaga (mendatea).
- 11:24. Ataun San Martin.
- 11:42. Legorreta.
- 12:04. Amezketa.
- 12:06. Larraitz (mendatea).
- 12:15. Zaldibia.
- 12:31. Ataun San Martin.
- 12:37. Ataun San Gregorio.
- 12:44. Aia.
- 12:46. Urkillaga (mendatea).
- 12:54. Ataun San Martin (helmuga).
- 10:30. Ataun San Martin.
- 10:46. Legorreta.
- 11:00. Alegia (tarteko helmuga).
- 11:11. Legorreta.
- 11:29. Ataun (tarteko helmuga).
- 11:33. Ataun San Gregorio.
- 11:43. Aia.
- 11:47. Urkillaga (mendatea, 2. mailakoa).
- 11:53. Ataun San Martin.
- 12:10. Legorreta.
- 12:28. Amezketa.
- 12:36. Abaltzisketa (mendatea, 2. mailakoa).
- 12:42. Zaldibia.
- 13:01. Ataun San Martin.
- 13:07. Ataun San Gregorio.
- 13:16. Aia.
- 13:20. Urkillaga (mendatea).
- 13:26. Ataun San Martin (helmuga).