Oroimenari domina
Frankismoaren garaiko Ordena Publikoaren Auzitegiaren bortizkeria eta errepresioa jasan zituzten emakumeei eman zieten atzo arratsaldean Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurtengo Urrezko Dominetako bat.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Dominak eta Plakak banatu zituen atzo Donostian. Urrezko dominak elkarte edo taldeei ematen dizkiete eta plakak, berriz, norbanakoei. Aurtengo plaka Benito Lertxundiri eman diote, eta dominak bi talderi: Beroa Gipuzkoako Harrera Familien Elkarteari eta 1963 eta 1977 urteen artean frankismoaren garaiko TOP Ordena Publikoaren Auzitegiaren bortizkeria eta errepresioa jasan zuten emakumeei.
Errepublikarrak, sindikalistak, alderdi politikoetako kideak.. denak izan ziren auzitegi haren biktima. Horiek guztiek atxiloketa arbitrarioak, arrazoirik gabeko atxiloaldiak eta torturak jasan zituzten. Baina emakumeek injustizia bikoitza jasan zuten, erregimenarekin bat ez egiteagatik, haren kontra borrokatzeagatik, eta emakume izateagatik.
Teodora Nazabal, GurutzeSukia eta Arantxa Jauregi zaldibiarrak ziren tartean, ustez «beste munduko ezer egin gabe»: «Tortura bidez ateratzen zituzten izenak, eta edonorenak esaten ziren; esan beharra zegoen», baieztatzen dute hirurek: «Euskararekin, euskal kulturarekin… Euskalduntasunarekin lotutako edozer zen delitu».
Hirurek ere, ez zituzten egun asko pasa atxilotuta, baina, jasandakoak ez dituzte nahi bezain azkar ahaztuko.
Hiruretan, Arantxa Jauregi atxilotu zuten lehenengo. Segika zutenaren jakitun zen hasieratik. Ordiziako kuartelera eramaten zituztenei beregatik galdetzen zietela zekien, eta maiatzaren 1ean salbuespen egoera deitu zutenean, bere etxea mihatu zuten 00:30ean hasita. Aita eta bere ahizpa gaztea (14 urterekin) deklaratzera eraman zituzten, neskatila hari estutu eta zaplaztekoa emanez. Arantxagatik eta bere ahizpa zaharrenagatik ere galdetu zieten galdeketetan. Arantxa Lazkaon zen, festetan.
Segika zebiltzala jakinda, bera aurkeztu zen Tolosako komandantzian, baina, eguna bertan pasa eta libre geratu zen. Argazki batean agertzeagatik zen susmagarri.
Baina, maiatzaren 29an, Tolosako bere etxean, atxilotu zuten Jauregi, 17 urte zituela. «Bakarrik nengoen etxean eta pisukideak txantxetan ari zitzaizkidalakoan ireki nuen atea. Sozialak ziren. Segituan pistolak buruan jarri zizkidaten, galdera mordo bat egin zizkidaten denek batera… Sekulako presioa jasan nuen. Gezurretan harrapatu ninduten eta sekulako zaplaztekoa eman zidaten».
Gobernu Zibilera eraman zuten eta inkomunikatuta eduki zuten hiru egunez. «Odolez betetako manta bat ematen zidaten gauetan, eta horrela jakiten nuen egunez edo gauez zen. Gainerakoan, egun osoa zen berdina. Itukinak entzuten nituen nonbait eta mirilatik begira nituela nabaritzen nuen: es una mujer, parece una muñeca, entzuten nituen gau eta egun eta zer egingo zidaten beldur handia ematen zidan. Hor ez dakizu sekula zer egingo dizuten. Edozer espero dezakezu».
Ondo-ondo itxitako ate zaratatsu haren atzean hau ere entzuten zuela gogoratzen du: «Se va a morir el viejo (Francogatik ari ziren) y vamos a tener que dejar a estos cabrones libres».
Galdeketak eta presioa Galdeketak egiteko soilik ateratzen zuten Jauregi gela ilunetik. «Galdera mordo bat egiten zidaten, denek batera: ni erotzea zen euren asmoa, ahuldu egin nahi ninduten, informazioa errazago ateratzeko. Denek batera hitz egiten zuten, oso azkar eta oihuka».
Ama bisitan joaten zitzaion, fruta, esnea… jateko zerbait eramanez, baina, gutxi iristen zitzaion inkomunikatuta zegoen zulora. Amak adin txikikoa zela esaten zien, «ahal zuen moduan, erderaz halamoduz moldatzen zen eta».
Hiru egun barruan pasa eta aske utzi zutenean, kalera atera eta orientazioa erabat galduta zuen. «Ez nekien lurra edo zer zapaltzen nuen. Bueltaka ibili nintzen. Aske nengoela banekien, baina, nun nenbilenaren arrastorik gabe. Horrelako presioa sartzen dizute… Oso tentsio fuertea da». Eta ahal zuen moduan iritsi zen etxera.
«Bata-bestearen atzetik atxilotzen gintuzten. Mordo bat eraman gintuzten atxilotuta bolada hartan». Oraindik leku itxiei beldur die Jauregik, zulo ilun hartan pasatako iluntasuna, hotza eta beldurra gogora ekartzen dizkielako.
Franco hil ondorengoak Gurutze Sukia 1975eko azaroaren 21ean atxilotu zuten: Franco hil ondorengo egunean. Asko ziren ordurako atxilotuak eta, badaezpada ere, Lazkaoko lehengusuen etxera joana zen. Han harrapatu zuten.
«Ikastolako irakaslea nintzen, papeletaren batzuk atera nituen, Ez Dok Hamairuren kontzerturen bat antolatu… beste munduko ezer ez», dio. Hamar egun pasa zituen Tolosako kuartelean, eta oroitzen duenez, «25.00 pezeta pagatuta» atera zen kanpora.
Bigarren aldiz ere eraman zuten, 1976ko apirilaren bukaeran: «Antiguora (Donostia) eraman ninduten, Muñecas zegoen han orduan. Poli bueno, poli malo paperak zituzten», gogoratzen du.
Bigarren atxiloaldi hura «gogorragoa» izan zen Sukiarentzat: «Lehen atxiloaldian bañera egin zidaten, gogor kolpatu… fisikoki okerragoa izan zen. Baina, gela hartatik irtetzen ginenean, jende mordo bat gela berean sartzen gintuzten, eta haien babesa nuen. 16 zaldibiar behintzat bageunden».
Bigarren aldia psikologikoki gogorragoa izan zen: «Flexioak, mehatxuak nirekiko eta nire ingurukoekiko… bakarrik nengoen eta mendira eraman eta bertan akabatuko nindutela mehatxu egiten zidaten… Beldur handiagoa pasa nuen bigarren atxiloaldian, bakarrik nengoelako».
Urtebetetze eguna ere bertan igaro zuela gogoratzen du: «Bi atxiloaldietan ez ziguten lorik egiten uzten. Nire urtebetetzea zela jakin zuten nonbait, eta 04:00etan zerrategi batetara eraman ninduten. Zoriondu egiten ninduten; katxondeoan zebiltzan. Piñazko zuku bat edan arazi zidatela gogoratzen dut, eta beldur nintzen hark zer izango zuen».
«Nik ez nekien ezer» Seat 850 batean joan ziren, 1975eko azaroaren 26an, kalez jantzita, Teodora Nazabalen bila, bere etxera. Tolosako kuartelera eraman zuten bera ere, eta hiru egun pasa zituen.
«Ikastolako kuotak ordaintzen nituen, eta ordaintzeko jendea bilatzen nuen. Baina, ez nuen beste ezer egiten. Galdetzen zizkidaten gauzak ez nituen ulertzen eta ez nekizkien». Honek ere probatu zituen «ilez eta gonbitoz» beteta zeuden bañerako ur zikinak, «buzo urdina jantzita».
Bere pistola non zegoen galdetzen zioten atxilotu zuten unetik, behin eta berriro. Berak, ordea, ez zuela pistolarik eta ez zuela pistolarik. «Ezer ez nekiela sinetsi zidatenean, galdetu zizkidatenak gezurra zirela, asmatutakoak zirela esan zidaten: Nik zer kontatuko zebiltzan, probatzen».
Kuarteleko hirugarren solairuan egon zen Nazabal, bañera gelaren ondoan. «Egunez kartetan eta ibiltzen zen gurekin Buen Trabajo deitzen zioten bat. Gauez etortzen ziren gaiztoak» eta bañera-festa hasten zen. «Ondoko gelan geunden eta ezin izaten genuen lorik egin entzuten genuenarekin: geu izan gintezten hurrengoak». Indultuarekin askatu zuten bera ere, «10.000 pezeta ordainduta. Gero itzuli ziguten diru hori, baina Ikastolako kuoten dirua ez zidaten sekula itzuli».
Gogoratuak izatea eskertzen dute urte haietan atxilotutako emakumeek: «Guk ere majo sufritu genuela gogoratzea inportantea dela uste dut», dio Jauregik.